Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen ustez PPk Bilbon duen egoitza diru beltzarekin ordaindu da. Barcenas auziaren ikerketa amaitu berritan, egoitza eraikitzeko “legezko” diru iturrietatik aparte “kontabilitate paralelo bat” sortu zela ondorioztatu du epaileak.
Autoan azaltzen denez, Espainiako PPk EAEko ordezkaritzari transferentzia bidez nahiz eskura eman zion dirua Bilboko egoitza finantzatzeko. 1999ko azarotik 2005eko azarora artean izan zen hori, Carlos Iturgaiz eta Maria San Gil EAEko presidente izan ziren garaian. Barcenasek eskuz idatzitako dokumentuetan Bizkaiko egoitza (Sede Vizcaya) izenburupean jasota dago diru mugimendu hori.
Ruz epailearen ustetan 1990etik 2008ra arte “B kutxa” bat izan zuen PP alderdiak eta sei pertsona epaitzea proposatu du ogasun publikoaren aurkako delitua eta delitu fiskala egotzita. Horien artean da Luis Barcenas PPko diruzain ohia.