argia.eus
INPRIMATU
Maria del Carmen Lopez de Ocariz (PP):
“EAJk behin eta berriro eskatu dio Madrili frackingaren legeari helegitea aurkezteko”
  • Salaketa larria egin zion atzo Maria del Carmen Lopez de Ocariz PPko legebiltzarkideak EAJri, Gasteizko Parlamentuan. Lopez de Ocarizen esanetan, EAJk Madrilgo Gobernuari eskatu dio EAEko frackingaren aurkako legeari helegitea jartzeko, “legea onartu eta biharamunetik”.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko urriaren 30
Maria del Carmen Lopez de Ocariz, adierazpenak egin zituen PPko legebiltzarkidea (Arg.: PP).

Gogoratu behar da EAJ abstenitu egin zela legearen bozketan, baina orobat legearen arimaren alde agertu dela.

EH Bilduk energi autokontsumoari buruz aurkeztutako mozio bat eztabaidatzen ari zirela egin zituen Maria del Carmen Lopez de Ocarizek adierazpenok. Zehazki, hau esan zuen, Javi Carro jeltzaleari erantzunez: “ (…) behin eta berriro deitu, ministerioari behin eta berriro eskatu frackingaren legeari helegitea aurkezteko, ganbera honetan onartu eta biharamunean, eta hemen kontrakoa esaten (…), eta tematu egiten zarete, eta dokumentazioa eramaten diezue badaezpada ministerioan ez diren jabetu zer argudio erabil daitekeen [legeari] helegitea aurkezteko…”.

Ekainaren amaieran onartu zen EAEn frackinga eragozten duen legea. Hilabete geroago, Espainiako Gobernuak iragarri zuen asmoa zuela lege horren aurka helegitea aurkezteko Konstituzio Auzitegian, aurretik Nafarroako eta beste autonomia erkidego batzuetako legeekin egin bezala.

Hala ere, Madrilek ez du oraindik errekurtsorik aurkeztu. Iragarpen hura egin eta egun gutxira, Eusko Jaurlaritzak buletin bidez jakinarazi zuen Espainiako Estatuko eta EAEko administrazioen arteko Bitariko Lankidetza Batzordeak frackingaren aurkako legeari buruzko negoziazioak hastea erabaki zuela. Momentuz ez da publikoki ezer adierazi negoziazio horiei buruz, ezta hasita dauden ere.

Jaurlaritzaren asmoak, aurrera

Bestalde, joan den irailean EH Bilduk Jaurlaritzako Ekonomia Garapen Sailari galdetu zion ea zer asmo zuen SHESA entitate publikoaren bitartez hidrokarburoak esploratzeko dituen proiektuekiko, behin frackinga oztopatzen duen legea onartuta. 

Arantza Tapia sailburuak erantzun zuen SHESAk bere egitasmo guztiei eusten diela oraingoz, eta enpresa pribatuekin sinatutako kontratuak indarrean daudela, "nola esploratzeko, hala –esplorazioa arrakastatsua izaten denerako– hidrokarburoak ustiatzeko". Guztira, mota horretako lau kontratu daude indarrean EAEn.

Tapiaren esanetan, SHESAren akordioak dituzten enpresa horiek kalte-ordainak eskatu ahal izango dituzte "baldin eta legeak indarrean jarraitzen badu eta /edo eteten edo deuseztatzen ez bada". Sailburuak ez zuen zehaztu kalte-ordain horiek nolakoak eta zenbatekoak izango liratekeen.

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak twitterren adierazi duenez, "Jaurlaritzak aurrekontuen bitartez aitortu du ez duela frackingaren legea beteko". 2016rako Eusko Jaurlaritzak bidali duen aurrekontu proposamenean, SHESAren hainbat lan daude aurreikusita, tartean frackingaren erabilera eskatzen duten hainbat esplorazio.