argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren legea aldatzearen kontra PPko boto emaileak ere
  • “Abortuaren legeari dagokionez, gaur egun dagoen bezala uztearen alde zaude ala Alberto Ruiz Gallardon ministroak proposatutako erreformarekin bat egiten duzu?”, galdetu du Sigma Dos enpresak El Mundo egunkari espainiarrarentzat egindako inkesta batean. Erantzun dutenen artean %73,5ek legea ez ukitzeko eskatzen dute, tartean PPko boto-emaileen %52,9k.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 03a
Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroaren ekimena izan da abortuaren legea aldatzea.

Inkestari erantzun diotenen artean %16,6 bakarrik dago abortuaren lege berriaren alde. Rajoyren alde bozkatu zutenen artean herena baino gutxiago daude ados erreformarekin (%31,5).

Adin taldeei erreparatuz gero, 65 urtetik gorakoen artean %57,9 dago erreformaren kontra eta portzentajea hazi egiten da gazteagoen artean. 18 urtetik 29ra bitartekoen artean %84,3k baztertzen du neurri berria.

Polemika-iturri izaten ari da Espainiako Gobernuak emakumeen eskubideak mugatzeko hartu nahi duen erabakia. Euskal Herriko mugimendu feministak administrazio autonomikoei erreforma ez aplikatzeko eskatu die, horren bidez emakumeari erabakitzeko eskubidea kentzen zaiola arrazoituta.