Andaluzian astindua eman du PPk, eta PSOEk Sevilla galdu du. Horrez gain, Madril hiriburuan, zinegotzi kopurua bikoiztu eta gehiengo absolutua eskuratuko dute popularrek.
Juan Espadas sozialista oso maitatua zen Sevillan, eta ospe hori baliatu asmotan Andaluziako Juntara aurkeztu zen, Juanma Moreno Bonillaren eta enparau eskubikoen lehenbiziko Andaluziako gobernua iraultzeko asmoz. Ezin halakorik egin, baina: kolpe handiagoa jaso zuen PSOEk. Antonio Muñoz sozialistak eutsi zion sozialisten gotorleku zen Sevillari, eta sozialisten ildoko hedabideen arabera "maitatua" zen hau ere; hauteskundetan ikusi da, ordea, zenbaterainokoa zen abegikortasuna.
PPk 6 zinegotzi irabazi ditu Sevillan (guztira 14 ditu, gehiengo absolututik bi zinegotzira); eta atzeraxeago geratu da PSOE, 12rekin. Emaitza historikoa, zalantzarik gabe. Gobernua osatzeko Vox edukiko luke PPk. Horrez gain, Cadizen esaterako, 8 zinegotzi irabazi ditu PPk (14 lortu ditu, gehiengo absolutua). Eta Cordoban ere gehiengo absolutua. Azpimarratzekoa, Andaluzian, hiriburu guztiak irabazi dituela PPk.
Bestalde, Valentzia popularrek berreskuratu dute, 24 urteren ondoren. Vox-en laguntza beharko luke PPk gobernua osatzeko Valentziako udaletxean, baina ez luke arazoa izan beharko. Logroñon, adibidez, bost irabazi ditu PPk (gehiengo absolutua), eta bi galdu PSOEk.
Erkidegoetan ere, astindua
Kantabrian, esaterako, PP gailendu egin da eta gobernu erregionalista irauli du; Extremaduran ere bai, popularrek gobernatuko dute justu bada ere; eta Valentzian, adibidez, 20 ordezkaritik gora irabazita gailendu dira popularrak.
Ezeren gainetik nabarmentzekoa, ordea, Madrilgo erkidegokoan gertaturikoa: 70 ordezkari lortu ditu Isabel Díaz Ayusok (gehiengo absolutua 68koa da). Beraz, ez du Vox-en laguntza beharko.
Podemosen eta Ciudadanosen galera, sekulakoa
Madrilgo legebiltzarrean eta udalean ez du ordezkaritzarik izango koalizio moreak. "Porrota izan da", aitortu dute Podemosetik. Antzera hitz egin dute Ciudadanosetik ere.
Tristura aurpegiak PSOEko kideen artean ere. Pilar Alegria koordinatzaileak aitortu du emaitza txarrak izan direla, eta porrota onartu du, PPkoak zoriontzeaz gain.
PPko koordinatzaileek berriz, "olatu urdina" azpimarratu dute.