argia.eus
INPRIMATU
PPk, EAJk eta UPNk porrot historikoa jasan dute, zamaketarien lege dekretuak ezetza jasota
  • Espainiako Gobernuak atzera bota du lortu zamaketa sektorea liberalizatzea helburu zuen legea, Kongresuaren ezezkoa jaso ondoren. Porrot historikoa izan da, 1979tik ez baitzen errege dekretu bat atzera botatzen. Zamaketariek greba deialdia ezeztatu dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 17a
Zamaketarien manifestazioa, Bilbon

PPk, EAJk, UPNk eta Foro Asturiasek alde bozkatu dute (142 boto), Ciudadanosek abstentziora jo du (33 abstentzio) eta gainontzeko alderdi guztiek aurkako botoa eman dute, horien artean EH Bildu eta PSOE (175 boto). EAJk baiezko botoa eman du, legea “onuragarria” izango litzatekeelako portuentzat.

Saioak jarraipen handia izan du. Portuko langileen zenbait ordezkarik Kongresuko tribunatik jarraitu dute eztabaida. Garaipen keinuak egin dituzte emaitzak jakin aurretik eta bozketa amaitu denean besarkada eta malko artean ospatu dute garaipena.

Aurreikusita zegoen moduan, zamaketarien sindikatuek ostiralerako deituta zuten greba ezeztatu dute. Antolín Goya Itsasoko Langileen Koordinadorako idazkari nagusiak eskerrak eman dizkie aurkako boza eman duten alderdiei eta eztabaidarako mahai bat sortzeko unea dela adierazi du. Sektorearen erreformaren aurkako greba bat bertan behera uzten duten laugarren aldia da, aurrekoetan Gobernuak dekretuaren onarpena atzeratu izanagatik hartu zuten erabakia.

2014ko abenduaren 11ko Europako epai batek zamaketa sistemaren funtzionamendua aldatzera behartu zuen Espainia. Gobernuak ez zuen erreforma gauzatu, baina 2017ko hasieran prozesua bizkortu zuen, lau artikulutako lege dekretua aurkeztuta, sektorea liberalizatzeko. Proposamenak, baina, ez du behar zuen babesa lortu. Porrotak egoera zailean kokatu du Espainiako Gobernua, Europar Batasunari azalpenak eman beharko dizkiolako.