argia.eus
INPRIMATU
PPk dio “deserriratuek” EAEn hauteskundeotan bozkatzea zaila izango dela, baina aurrera jarraituko dutela
  • PPk onartu du "ETAk mehatxatuta deserriratu" direnek EAEn bozkatzea zaila izango dela, bai behintzat datozen lehendakaritzako hauteskundeetan. Espainiako Barne ministro Jorge Fernández Díaz izan zen atzo Bilboko Forum Europan aitortu zuena zailtasun politiko eta juridikoak dituela beren proposamenak, baina gehitu zuen aurrera jarraitzeko asmoa dutela.

2012ko maiatzaren 22a
Jorge Fernandez Diaz atzo goizean Andoni Ortuzar agurtzen, Antonio Basagoitiren aurrean.

Popularrek "adostasun zabala" nahi dute, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak orain urtebete, gaia lehen aldiz atera zenean, argi erakutsi PP bakarrik dagoela gai honetan. PSE-EEk, EAJk eta Aralarrek ekimenaren aurkako jarrera erakutsi zuten.

PP eta Espainiako Gobernuarentzat, deserriratu hauek hauteskunde autonomikoetan, hauteskunde orokorretan eta Europako hauteskundeetan bozkatu ahal izango lukete, baina ez udal eta foru hauteskundeetan.

EAEko popularren buru Antonio Basagoitik adierazi zuen atzo "hau hauteskunde emaitzak baino askoz sakonagoa" dela, "Euskal Herriko benetako normaltasuna" dutela helburu.

Eusko Jaurlaritzak ez du begi onez ikusi ekimena eta atzo Rodolfo Ares Barne sailburuak ETBn adierazi zuen "hauteskunde amarrua" iruditzen zaiola. EAJk inkonstituzionaltzat jo du proposamena.