argia.eus
INPRIMATU
PPk mailaz igo du pisu turistikoak legez kanpo ustiatu dituen Antépara: Gasteizko udal taldeko aholkulari
Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko abenduaren 11
Gasteizko PPren argazkia 2023ko udal hauteskundeetan. Antépra erdian goian, Laura Garrido legebiltzarkidearen gainean. Argazkia: ppvitoria.com

Antépara PPko ordezkari izan da aurreko legegintzaldian Gasteizek dituen hiru sozietate publikoetan: 21 Zabalgunea, AMVISA eta TUVISA). Maiatzeko hauteskundeen ostean, hiruretatik alboratu du PPk.

Mailaz igo du Antépara PPk

Hauteskundeen ostean egindako aldaketekin, bi zentzutan igo du mailaz Antépara bere alderdiak: politikoki eta ekonomikoki. Politikoki, ardura handiagoa eman dio. Sozietate publikoetako administrazio kontseiluek hilabetean behin egin dituzte bilkurak iragan legegintzaldian, hilero hiru bilera beraz, eta marko horretan alderdietako ordezkariek ez dute pisu politiko nabarmenik. Udal taldearen aholkulari postua alderdiek konfiantzazko pertsonei ematen diete, eta alderdiaren udal politikan eragiteko boterea ematen du.

PPko Gasteizko Udaleko taldearen aholkulari gisa ari da lanean Antépara. Diru publikotik 3449,14 euroko soldata gordina jasotzen du hilabetero

Ekonomikoki, administrazio kontseiluen dietak bilerako 119,65 euro dira. Baldin eta Antéparak horiek jaso bazituen, 358,95 lirateke hilero. Orain, aholkulari gisa, jardunaldi osoan dago soldatapean PPko kidea. Diru publikotik 3449,14 euroko soldata gordina jasotzen du hilabetero. Datu horiek guztiak udalaren webgunean bertan daude publiko.

PPko udal taldearen "aldi baterako langileen" zerrenda, Antépara hirugarren lerroan. Irudia: Gasteizko Udalaren webgunea.

 

PPko kide esanguratsuaren legez kanpoko jarduerak

Antépara Gasteizko eta Arabako PPko kide esanguratsua da. Zinegotzi izan zen Gasteizko Udalean 2016-2019 tartean, Javier Maroto ordezkatu ondoren. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan Arabako zein Gasteizko zerrendetan sartu zuen alderdiak, hamalaugarren eta zazpigarren postuan, hurrenez hurren. ARGIAk apirilean argitaratu zuen moduan, batetik, udalak espedientea ireki zion berak sortu zuen Luxury Rental Apartments enpresari, pisuen eraberritze integralerako obra “klandestinoak” egitea leporatuta Pintore eta Hedegile kaleetan. Bestetik, Luxury hainbat etxebizitza alokatzen aritu da gutxienez 2021etik, horretarako baimenik ez bazuen ere.

Udalak irekitako espedienteei dagokionez, Gasteizko Udalaren Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailak 500 euroko isun bana ezarri zion Luxuryri Pintore eta Hedegile kaleetako bi etxebizitzetan eginiko obrengatik (legeak 500 eta 5.000 euro arteko isuna aurreikusten du). Luxuryk helegitea aurkeztu zuen, eta udalak isunak berretsi ditu uztailaren 12an eta 13an, bide administratiboari amaiera emanez.

Antépara eta Luxuryren arteko harremana gaur egun

PPk eta Antéparak ziurtatu zuten, ARGIAren informazioari erantzunez, Antéparak ez zuela inongo ardurarik enpresan 2019tik, hau da, Luxuryk legez kanpoko jarduerak burutu aurretik. PPko komunikazio arduradunak alderdiaren egoitzan erakutsi zizkion ARGIAri hori frogatzen omen zuten dokumentuak, Antéparak aurkeztutakoak. ARGIAk frogatu zuen, ordea, 2022ko uztailaren 1era arte Luxuryren administratzaile bakarra izan zela Antépara, hau da, bere administraziopean burutu zirela salatutako jarduerak. Froga horiek PPren eskuetan jarri zituen ARGIAk, baina PPk alderdikidea babesten jarraitu zuen.

Hainbat bizilagunek ARGIAri ziurtatu diote Pintore zein Hedegile kaleko pisuetan turistak ikusi dituztela uztaila eta abuztuan zehar sartu-irtenean, eta kale batean zein bestean Antépara bera ikusi dutela hainbat aldiz, 2022ko uztailetik enpresaren administratzaile bakarra Pilar Perosanz Arabaturreko presidentea bada ere, Antepararekin lotura estuak dituena. Luxuryk, besteak beste, atari oso bat du jabetzan Alde Zaharreko Pintore kalean, lau etxebizitza dituena. Irailean, horietako bi pisu erregistratu zituen Luxuryk Jaurlaritzan erabilera turistikoko etxebizitza moduan, baina atariko lau etxebizitzak eskaintzen ditu alokairuan Booking gisako webguneetan.