argia.eus
INPRIMATU
PPk bat egin du EAJren eta PSEren akordioarekin
  • EAJ eta PSEren arteko itun fiskalaren hirugarren euskarria PP izango da, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak iragarri duenez. Arabako popularrek erabakia hartu ostean PPko EAEko exekutibak bihar berretsiko du.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 07a
Iñaki Arriola, Iñaki Oyarzabal, Rodolfo Ares, Pilar Garcia Salazar, Arantza Quiroga, Joseba Aurrekoetxea eta Anton Damborenea EAJ, PSE eta PPren arteko azken bileran.

Irailaren 16an EAJk eta PSEk adostutako itun fiskalari hainbat aldaketa egin dizkiote popularren babesa lortzeko.

Pasa den ostiralean, EAJk eta PSEk itun fiskalera batzeko gonbitea egin zioten PPri, azken horrek eskatzen zituen zenbait aldaketaren berri izatearekin batera. Aldaketa nagusiak aurrezpen errentetako presio fiskalaren beherapena, gazte eta familia ugarientzako etxebizitzaren jabetze eta alokairuen fiskalitatearen malgutzea, autonomoentzako PFEZean (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) aldaketak eta sozietateen gaineko zergaren ondorio berriak izango lirateke.

Iragan asteartean Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak Bilbora egindako bisitan Josu Erkorekarekin egindako bileraren ondoren datoz azken aldaketa horiek.