PSEk "hiriari horrenbeste kalte egin zioten iraganeko diskurtsoak" berreskuratzea egotzi die popularrei, eta EH Bilduk "eskuin muturreko jarreretara" hurbiltzen ari direla dio.
Azken egunotan Alderdi Popularrak etorkinen gaia jarri du berriro mahai gainean, eta jarrera horrek kritika gogorrak jaso ditu. Joan den astelehenean Madrilen egindako agerraldi batean, PPko antolakuntza idazkariorde Javier Marotok berriro immigrazioa eta gizarte laguntzak lotu zituen. Gasteizko alkate ohiaren esanetan, "legeak edo mendebaldeko kultura errespetatzen ez dituztenak, eta laguntza sozialen kontura bizitzera zein elkarbizitza arriskuan jartzera datozen pertsonek ezin dute berton egon, ezta egun bat gehiago ere".
Gasteizko alkatetzarako hautagai Leticia Comeronek ostegunean ekarri du diskurtso hori gurera, Gasteizko Udalak emandako "gizarte laguntzak izugarri igo" direla argudiatuta, eta igoera hori "dei efektuari" egotzita. Urtebetean laguntzak %47 hazi direla esan du Comeronek. Mezu hori zabaltzeko erabilitako bideo batean, PPk munduko mapa bat baliatu du, eta bertan azaldu du 118 errolda salbuespen egin direla "etorri berri diren pertsonek laguntzak kobratu ditzaten".
PSEk datuak "gako elektoralean" interpretatu izana egotzi dio PPri, eta "hiriari hainbeste kalte eragin zioten diskurtsoak" berreskuratzea leporatu dio ere. Ohar baten bitartez sozialistek azaldu dute "etxebizitzari lotutako beharrak" handitu direla, eta lehen existitzen ez ziren laguntzak daudela orain.
"Udal laguntzen barruan sartuta daude orain PPk Gizarte-Larrialdietarako Laguntza gisa hartzen zituzten hainbat kontzeptu".
EH Bilduk gogor kritikatu du PPk gai hori hauteskundeei begira erabili izana. "Zerrendaburuek jo puntuan jarri dituzte berriro ere pertsona ahulenei zuzendutako gizarte laguntzak", eta popularrek "ustezko 'dei efektu' baten mamua astindu" nahi dutela ohartarazi du alderdi abertzaleak. Bide horrek "auzotarren arteko banaketa eta gatazka sustatzen hastea" dakarrela dio, "orain dela lau urte hirian hainbesteko samina eragin zuen jarrera" berdina dela salatuz.
Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.