argia.eus
INPRIMATU
Volkswageneko BEZaz erabakitzeko bilera bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak
  • Nafarroako eta Espainiako Gobernuek gaur 13:00etan zuten bilera bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak. Hitzarmen Ekonomikoa eta zergen esparruan dauzkaten hainbat gai jorratzeko bildu behar zuten. Orain bilera egin egingo da, baina teknikarien artean izango dela adierazi dute Nafarroako Gobernutik, eta batez ere hurrengo bileretako lana leuntzera bideratua egingo da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko urriaren 07a
Cristobal Montoro eta Yolanda Barcina aurtengo uztaileko bilera batean (argazkia: EFE).

Hiru gai jorratu behar zituzten gaur: batetik, Volkswageneko BEZarekin zer gertatuko den argitzea (Estatuak 1.513 milioi euro erreklamatzen dio Nafarroako Gobernuari); bigarrenik, Hitzarmen Ekonomikoaren hainbat atal aldatu nahi ditu Yolanda Barcinaren gobernuak, Hitzarmena Konstituzio Auzitegiaren ebazpenetatik babestu ahal izateko. Eta azkenik, transferitu gabeko zergak ere aztergari ziren.

Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioa oso garrantzitsua da, une honetan datozen bost urteetarako hitzarmen berriaren baldintzak zehaztu behar direlako, baina bilerako gai izarra eta arantzatsuena Volkswageneko BEZarena zen.

Gaiaren muina zera da: 1994tik 2011ra Nafarroako Gobernuak jasotzen zuen Alemaniako auto enpresak bere jardunagatik sortutako BEZa, baina Espainiako Gobernua arduratzen zen multinazionalari BEZa itzultzeaz, urtero 200-400 milio euro. Espainiako Zerga Agentziak 2011an egindako ikerketa baten ondorioz, BEZren itzulera Nafarroako Gobernuari egitea dagokio. 2007ko aurreko urteetako ordainketak preskribatuta leudeke, eta 1.513 milioiak 2007-2013 urteei dagokiena lirateke.

PPren proposamena

UPNren gobernuaren ustez, Nafarroak ez du dirutza hori ordaindu behar, bere garaian ordainketa horiek hala egitea erabaki zelako. Cristobal Montoro Ogasun ministroak Espainiako Auzitegi Gorenera eraman du erreklamazioa, baina prest da itzuli beharreko dirua 125 milioi eurotan uzteko, 25 milioi euro urteko. Nafarroako PPko ordezkariek irailaren 15ean Montororekin Madrilen egindako bileran adostutakoaren arabera, PPk helegia erretiratuko luke eta ordainketa 125 milioi eurotan utziko luke,   baina UPNek onartuko luke zorraren sorrera moldea.

Oposizioko taldeek helegitea eta zor eskaerak erretiratzea eskatzen diote Estatuari. UPNri berriz, azaldu dezala 1994tik gaurdaino Volkswageneko BEZaren gaia nola kudeatu den. Gaia ertz ugari erakusten ari da, zorra onartuko balitz Nafarroako Ogasuna (Gobernuaren urteko aurrekontua 3.800 milioi euroko da) erabateko porrotean utziko lukeelako.