argia.eus
INPRIMATU
PPk eta PSOEk torturengatik kondenatutako 39 polizia indultatu dituzte gutxienez
  • PP eta PSOEren gobernuek 39 polizia, guardia zibil eta mosso indultatu dituzte beren gobernuetan, Público hedabideak egindako kontaketaren arabera. PPk 26 agente indultatu ditu, eta PSOEk 13.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 24a

Héctor Moreno García, torturengatik zigortua, Kantabriako Polizia Nazionalaren buru izendatu dutela salatu du Público-k aurreko astean; PPren gobernuak 1998an indultatu zuen Moreno. Albiste horretatik abiatuta, Espainiako gobernuek torturagatik zigortutako agenteen indultuen zenbaketa egin du hedabideak.

90eko hamarkadan, Felipe Gonzalezen gobernuak hainbat agente indultatu zituen, eta 1995ean, Justizia Ministerioak El País egunkariari esan zion ez zirela halako indultu gehiago egongo. 1996an, baina, hauteskundeak galdu zituen Gonzalezek, eta bere ondorengoak, José María Aznarrek indultuak banatzen jarraitu zuen.

2001a izan zen indultu gehien eman zituzten urtea; orduan Alderdi Popularrak hamalau agente indultatu zituen. José Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoyren gobernuek ere torturengatik zigortutako agenteak indultatzen jarraitu zuten.