argia.eus
INPRIMATU
PPk bizi osoko kartzela zigorra ezartzeko lege proiektua onartu du Espainiako Kongresuan
  • Zigor Kodearen erreforma onartu du PPk asteazkenean Espainiako Kongresuan, gainerako alderdien babesik gabe. “Berrikusi daitekeen kartzela zigor iraunkorra” onartu du delitu “larrientzat”, praktikan, bizi osorako kartzela zigorra izango litzatekeena.  

Nerea Ibarzabal Salegi 2015eko urtarrilaren 22a
“Paranormala”, “eskubideen atzerapausoa” eta “Konstituzioaren aurkakoa” dela esan dute oposizioko alderdietako ordezkariek. (Arg: U. Martín)

Oposizioak gogor egin dio aurka lege proiektu horri, eta inork ez dio babesik eman. Hauteskunde kanpaina aurretik “populismoa” egitea egotzi dio PPri Gaspar Llamazares IUko bozeramaileak. “Paranormala”, “eskubideen atzerapausoa” eta “Konstituzioaren aurkakoa” dela esan dute beste alderdietako ordezkariek.

El Paísek jakinarazi duenez, ostegunean bertan Zigor Zuzenbideko 60 katedradunek, Greenpeacek eta Amnistia Internazionalak Kode berriaren aurkako manifestuak kaleratu dituzte.

Senatuan eztabaidatuko dute orain PPren lege proiektua. Aurtengo uda baino lehen onartzeko asmoa du alderdi popularrak, eta 2016rako indarrean egon dadin nahi du.

Terrorismoaren atala, bereizita

Kodearen proiektutik terrorismoari buruzko atala kendu dute, zati hori PPk eta PSOEk bien artean negoziatzeko asmoa dutelako.