Behingoagatik eta aurrekari gisa balio izan gabe, PPk arrazoi du: COVID osteko berreskurapenerako Next Generation funts europarrak “nahierara” eman dituzte. Nafarroan behintzat, non gauetik goizera Chivite andreak, prestidigitadore ona den aldetik, txistera altxatzen duen eta 145 milioi euro lortzen dituen AHTaren Nafarroako korridorea finantzatzeko. Nafarroako gobernuak aurkeztutako Europako finantzaketa lortu nahi zuten proiektuen zerrendetan ez zen AHTa inondik inora aipatzen. Suposatzen dut foru erkidegoko obren abiadura motela ikusita –obrak hasi zirenetik hamaika urtean 25 km baino ez dira egin–, eta Navarra Sumak afera honetan gero eta presio handiagoa egiten duenez, PSNk Madrilgo bere alderdikideekin hitz egin zuela, azken orduan makro-azpiegitura horrentzako bultzada milioiduna eskatzeko, funts horiekin erreskatatua izan zedin.
"COVID osteko berreskurapenerako Next Generation funts europarrak 'nahierara' eman dituzte"
Larria da teorian koronabirusak sortutako krisi ekonomikotik ateratzeko aurreikusitako Europako funts batzuek makro-azpiegitura hau erreskatatzea, pairatzen ari garen krisi ekonomikoan gehiago sakonduko duena. Izan ere, ez da ahaztu behar Next Generation funtsak ez direla laguntza bat, baizik eta datozen belaunaldiei zorpetze handiagoa ekarriko dien “goxoki pozoitua”. Are larriagoa, makro-azpiegitura honek egun bizi gaituen krisi ekologiko globala areagotu baizik ez duelako eginen. Hori bai, 2026rako TxuTxu AHT zoragarria izango dugu eskura Castejon eta Campanas artean. Balentria handia!