PPk azaldu duenez, Lluis Lachek ez du “inongo loturarik” hiriarekin. Kantautore katalanak Campanades a morts abestia sortu zuen, martxoaren 3ko biktimen oroimenez.
Lluis Llach musikari katalana Gasteizko seme kuttun izendatzearen aurka agertu da PP. Azaldu duenez, ez diote zentzurik ikusten hiriarekin loturarik ez duen norbait seme kuttun izendatzeari. Gainera, Llach politikan aktiboki aritzea –egun Junts Pel Síko diputatua da– ere izendapenari ezezkoa emateko arrazoi lez ikusten dute: “Ez dugu uste egokia denik Gasteiz sigla politiko batzuekin lotzea”.
Lluis Llachek Campanades a morts abestia sortu zuen 1976ko martxoaren 3ko gertakarietatik egun batera. Abesti horretan poliziak hildako langileei gorazarre egin zien. Seme kuttun izendatzeko proposamena hainbat arlotako pertsonek egin dute, herri ekimen bidez. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Katixa Agirre, Mikel Urdangarin, Iñaki Lasagabaster edota Joseba Azkarraga.
Hauek Gorka Urtarani gutun bidez azaldu diotenez, abesti harekin Lluis Llachek une hartan gasteiztar, arabar eta euskal herritarrek sentitzen zutena islatzen jakin zuen. Alkateak begi onez ikusi du proposamena, baita EH Bilduk ere, baina PP aurka agertu da. Honek azpimarratu duenez, izendapena martxoaren 3ko gertakariekin lotura izateak ez du zerikusirik proposamenari emandako ezezkoarekin.
Bideo honetan dituzue Iñaki Lasagabasterrek izendapenaren alde emandako argudioak: