EAEko PPko buruzagi ohiak ez zuen izendapenaren berri eman nahi azken hauteskundeak igaro arte, bere alderdi ohiaren emaitzetan ez eragiteko. Ez du askorako balio izan dena den, Iturgaiz buru zuen zerrendak lorturiko emaitza eskasak ikusita.
José Blancok, PSOErekin Espainiko Gobernuko Sustapen ministro izandakoak, astearte honetan iragarri du Alfonso Alonso EAEko PPko buruzagi ohia fitxatu duela Acento aholkularitza enpresako presidente izateko. Blancok eta Antonio Hernando PSOEko diputatu ohiak iazko urte amaieran sortu zuten erakundea.
Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean, Blancok esan du Alonso "oso pertsona orekatua" dela, "aztertzaile ona, moderatua eta taldea osatzeko modukoa". Berarekin pozik azaldu da, eta “erabaki ausarta” hartu duelakoan dago. Gainera, PSOEko buruzagi ohiak jakinarazi du Alonsok ez zuela bere izendapenaren berri eman nahi joan den igandeko hauteskundeak igaro arte, izan ere, PPk porrot handia jasan du, 2016an hautagaitzan Alonsorekin lortutako bederatzi eserlekuetatik bostera igaro baita.
EAEko PPko kide ohiak enpresetara
Alonsok otsailean utzi zuen EAEko Alderdi Popularra, Pablo Casado buruzagiak Iturgaiz lehendakarigai bihurtzeko Gasteizko alkate ohia paretik kentzea erabaki zuenean. Ez da eskuineko alderdia utzi duen EAEko ordezkari bakarra: Borja Semperrek ere urtarrilean PP utzi zuen eta Ernst & Young multinazionalera pasako zela iragarri zuen. Zenbaiten arabera, Madrilgo alderdiaren zuzendaritzarekin izandako desadostasunak nabarmenak ziren bi kasuetan.
Jokaldia ez zaio ondo atera Casadori, izan ere, PP+Cs koalizioak, Iturgaiz buru zuen apustuak, 2016an lortu zituen bederatzi eserlekuetatik lau galdu zituen igandeko hauteskundeetan. Bakarrik aurkeztu zirenean, Alonso zen hautagaia.
Casado: "Espainiako gizartea zerbait gaizki egiten ari da"
Autokritika izpirik egin gabe, EAEko hauteskundeetako emaitzak deitoratu zituen Casadok astelehen honetan. "Gaur entzun ez diren zifrak daude. Eusko Legebiltzarrak abertzaleen eta 'batasunoen' artean hiru laurden izango ditu, eta horiek espetxe-onurak eskatzen dituzte, edo orrialdea pasatzen dute, edo ez dituzte 800 hilketa gaitzesten", esan du.
"Bilduk ordezkaritza nazionaleko indar guztiek batera baino legebiltzarkide gehiago ditu. Bilduk diputatu gehiago ditu PSOE, PP, Podemos, Ciudadanos eta Voxek baino. Espainiako gizartea zerbait gaizki egiten ari da, eta, jakina, zerbait ez dugu ekitaldi honetan gaudenok egiten hasi behar, bestela hobe litzateke beste zerbaitetan aritzea", gaineratu zuen.