argia.eus
INPRIMATU
PP: etenik ez duen ustelkeria kasuen alderdia
  • Lezo operazioa, Murtziako lehendakariaren dimisioa, Rodrigo Ratoren kontrako zigorra eta Mariano Rajoyren zitazioa izan ditu, besteak beste, Alderdi Popularrak 2017an. Eldiario.es hedabideak Espainiako gobernuko alderdiaren ustelkeria kasuak errepasatu ditu.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 24a
Rajoy erdian, eta bere ezkerrean Gonzalez.

Urte hasieratik hilabete gutxi igaro badira ere, PPren ustelkeria kasuak ugariak izan dira jada. Alderdiaren kongresua hasi zen egun berean argitaratu zuten Gürtel kasuko buruei hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zietela.

Jarraian, Rodrigo Rato, Aznarren gobernuan Ekonomia ministroa, lau urteko kartzela zigorrarekin zigortu zuten black txartelen erabilera iruzurtiagatik. Distantzia irudikatzeko, Rajoyren alderdiak esan zuen 2014an utzi zuela alderdia.

Jada apirilean, Pedro Antonio Sánchez PPko kide eta Murtziako lehendakaria inputatzeko eskatu zuten Púnica kasuan, eta beste ustelkeria kasu batzuetan duen inplikazioagatik. PPk Sánchez presionatu behar izan zuen alderdia utz zezan.

Baina azken asteak ere albiste ugari eman ditu. Auzitegi Nazionalak Rajoy deitu du bere lekukotza eman dezan Gürtel ustelkeria sarearen auzian. Gainera, Madrilgo lehendakari ohi Ignacio González atxilotu dute Lezo operazioan; Isabel II kanalaren eraikuntzan lapurreta egitea egozten diote.

Ustelkeria kasu ugari argitaratu ostean, PPk argudiatu du haien kontrako konspirazio judizialak direla. Lezo kasuan, baina, ustelkeriaren kontrako fiskal Manuel Moix ikerketa judiziala oztopatzen saiatu dela argitaratu dute. Gainera, atxilotu baino hamar egun lehenago, Barne Ministeriotik bera ikertzen ari zirela esan zioten Gonzálezi.