argia.eus
INPRIMATU
PP eta UPN Frankismoaren aurkako eguna ezartzearen kontra agertu dira
  • Uztailaren 18a “Frankismoaren aurkako eguna” izendatzearen aurka agertu dira astearteko kongresuan PP eta UPN alderdiak. Ezker Anitzak (IU-ICV-CHA) proposatutako lege horrek estatu kolpearen eguna aukeratu du horretarako.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 22a
Egun hau ospatuz frankismoaren izugarrikeria albo batera ezingo dela utzi uste du PPk (argazkia: luis-viadel.blogspot.com)

Kongresuko gainontzeko alderdiek –PSOEk, CiUk, EAJk, BNGk, ERCk eta Amaiurrek– bermea eman diote proposamenari, eta UPyD abstenitu egin da.

Ezker anitzaren proposamenak, frankismoa gaitzesteaz gain, gerra zibileko biktimak omentzea du helburu. Espainian frankismoak ekarritako kalte neurrigabeei buruzko debate publikoa oraindik ez dela gauzatu salatu du. “100.000 lagun baino gehiago daude oraindik desagertuta Gerra Zibilaz geroztik, eta bitartean Franco monumentu handi batean dago lurperatua”, esan du José Luis Centella IUko bozeramaileak.

PPk lege horrekin benetako helburua lortuko ez dela uste du, hau da, frankismoaren izugarrikeria alde batera uztea. “80 urte igaro ostean Kongresuak oraindik gai horrekin tematuta jarraitzea Frankismoaren beste garaipen bat kontsidera daiteke”, esan du Pedro Gómez de la Serna Konstituzio Batzordeko bozeramaileak. Oposizioari “frankismoaren eta diktadorearen mamuarengandik liberatzeko” eskatu dio.

Centellak, bestalde, legea “bakearen eta justiziaren alde egiteko” proposatu dutela adierazi du, eta ez “mendekua asetzeko helburuz”. Horrelako ekimenek ez dituztela zauriak irekitzen argudiatu du eta, aitzitik, frankismoaren kondena ez instituzionalizatzeak “zauri horiek irekita mantentzen” utziko duela.