argia.eus
INPRIMATU
PP: “Espainia ez da desegingo, horren esperantzan zaudetenok ahantzi ideia hori”
  • PP, PSOE eta UPyD alderdiek ezezko borobila eman zioten Kongresuan herrien autodeterminazio eskubideari. Amaiur koalizioak, Kataluniako ERC-k eta Galiziako BNG-k eramandako erabakitzeko eskubidearekin lotutako legez besteko proposamena eztabaidagai izan zen atzo Madrilgo kongresuan.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 09a
Amaiur, ERC eta BNG alderdietako diputatuak Kongresuaren parean

Herrialdeek haien nortasunaren inguruko erreferendumak antolatu ahal izatea bozkatu zuten diputatuek, baina PPko diputatuen gehiengo absolutuarekin eta PSOE nahiz UPyDkoen botoekin atzera bota zuten proposamena.

Pedro Gomez de la Serna PPko bozeramaleak argi utzi zuen Espainian ez dagoela bereizketarako aukerarik eta sezesio oro antidemokratikoa dela. Bere aburuz Espainia ez da inola ere desegingo, hori ekiditeko lege konstituzionalak, instituzio demokratikoak, Europar Batasuna eta nazioartea daudelako. Horregatik, “horren esperantzan zaudetenok ahantzi ideia hori” esan zuen.

Talde mistoko hiru alderdiek Kongresura eramandako egitasmoak EAJren eta Geroa Bairen babesa jaso zuen, zenbait puntutan ados ez zeudela adierazi zuten arren. CIU eta ICV alderdi katalanek berriz, zalantzak agertu zituzten eta abstentziora jo zuten. Haien jarrera erabakitze eskubidearen aldekoa izan arren Amaiur, ERC eta BNG alderdiek hartutako bidea gustuko ez zutela argudiatuz. CIUren jarrera deigarria izan zen, ERCri bere kabuz eta Kataluniako Parlamentuak adostutako bidea errespetatu gabe jokatu izana leporatu baitzion. Bestalde, Izquierda Unida ere, abstenitu egin zen.

Atzoko saioa, erabakitzeko eskubidearekin lotutako nazioarteko hitzarmen eta Espainiako legediari eginiko aipamen ugariren artean gauzatu zen. Funtsean, legez besteko proposamen horrek eskatzen zuena Espainiak nazioartean sinatutako hitzarmenak betetzea zen. Izan ere, horietako askok herrien erabakitze eskubidea jasotzen dutela gogoratu zuten.

Talde horiek independentziari begirako herri galdeketak egitea ahalbidetuko luketen lege proposamenak aurkeztu izan dituzte aurretik ere, baina beti jaso dute ezezkoa, kontrako jarrera duten alderdiek Espainiar konstituzioa aitzakiatzat hartuta.

Aurreko aldietan gertatutakoa ikusita ekimenaren bultzatzaileek ez zuten proposamena aurrera ateratzeko esperantzarik. Baina Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Rafael Larreina Amaiurko diputatuek adierazi zutenez Kongresura eramandako eztabaida horrek "Euskal Herriko eta Kataluniako gehiengoak hartutako bidea eta Estatutakoak hartutakoa ezberdinak direla erakusten du”.