Salvador Allenderen aurkako estatu kolpea eman eta bi aste eskasera hil zen Pablo Neruda; datorren irailean beteko dira 50 urte. Heriotzaren arrazoi ofiziala prostatako minbizia eta metastasia da, baina poeta txiletarraren ilobak nazioarteko peritu-txostenaren berri eman du: botulismo bakteria endogenoa zeukan.
Literaturaren Nobel saria jaso zuen 1971an eta Txileko Alderdi Komunistako kide zen Pablo Neruda poeta ezaguna. Ia herrialdeko presidente ere izan zen: Salvador Allenderekin batera hautagai izan zen alderdiaren barruan, baina Allende izan zen azkenean hautagai nagusia.
Augusto Pinochetek zuzendu zuen estatu kolpe militarra 1973ko irailaren 11n, eta hamabi egun beranduago hil zen poeta txiletarra, 69 urterekin, osasun-zentro batean ingresatuta. Ofizialki aitortuta dagoenez, prostatako minbiziak eta pairatzen zuen metastasiak eraginda zendu zen Neruda, baina eraila izan zenaren susmoak ez dira berriak.
Hamar urteko ikerketa, sekretupean
2011n zabaldu zen ikerketaren lehen lerroa, baina ordutik kasuaren sumarioa sekretupean dago. Nerudaren auto-gidari pertsonala zen Manuel Arayak publikoki adierazi zuen "kimikoki pozoitu zutenaren susmoa" zuela, eta hortik abiatuta, nazioarteko aditu talde batek ikerketa abiatu zuen. Dena den, talde horrek ondorioztatu zuen prostatako minbiziak eragin zuela heriotza, 1969tik pairatzen zuelako.
Nazioarteko adituen bigarren talde bat sortu zen gerora, eta horiek bai atzeman zuten Clostridium botulinum bakteria Nerudaren organismoan. Hirugarren zientifiko talde batek ondorioztatu berri du, familiak jakitera eman duenez, bakteria endogenoa zela.
Ilobaren aurrerapena
Nazioarteko adituen txostenak ondorioztatu duenaren xehetasun gehiagorik ez du eman Pablo Nerudaren iloba Rodolfo Reyesek, uneotan epailearen eskuetan dagoelako informazio guztia. Ser Espainiako irrati kateari eginiko adierazpenetan esan du "aurrerapauso handia" izango dela: "Minbizia zeukan, gaixo zegoen, oinez ibiltzeko arazoak zituen, baina ez zegoen hilzorian".