argia.eus
INPRIMATU
Powerpoor: pobrezia energetikoa ardatz hartuta, jardunaldi arrakastatsuak Hernanin
  • Pasa den irailean “Energiari ikuspegi sozialetik heltzeko” Powerpoor jardunaldiak egin zituzten bi egunez Hernanin, GoiEnerrek Hernaniko Udalarekin eta Enherkom energia komunitatearekin elkarlanean antolatuta. Ekimen kolektiboak eta pobrezia energetikoa izan zituzten hizpide jardunaldietara gonbidatutako hizlariek eta bertaratu zirenek. Herri-mailako esperientziak erakundeenekin uztartuz, harrera beroa jaso zuten hitzaldiek. Horren adibide da ia 100 lagunek jardunaldiak bertatik bertara edo modu telematikoan  jarraitu izana.

Goiener 2022ko urriaren 18a

“Energia gai soziala da”

Jardunaldiei hasiera emanez, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak hartu zuen hitza, Mikel Tolosa Enherkomeko idazkariarekin batera. Biteri kultur etxera bertaratutakoak agurtu ostean Maria Arretxe GoiEnerreko kideak oholtzara gonbidatu zituen hizlariak. 

“Energia gai sozial bat da” izenburupean Olatz Azurza EHUko irakasleak energiaren gaur egungo joerak azaldu zituen eta, besteak beste, prezioen gorakadaren arrazoiak eta horren eraginez aritu zen. Irtenbiderik egotekotan kolektiboa izan beharko duela azpimarratuz amaitu zuen hitzartzea Azurzak.

Bigarren hitzaldian “energia komunitateak” izan zituzten hizpide Fermin Arruabarrena Enherkomeko kideak eta Goienerreko Energia Berriztagarrien Komunitateen (EBK) arduraduna den Oier Etxebarriak. EBK bat zer den eta berau sortzeko arrazoiak xehe azaldu zituen Etxebarriak, pobrezia energetikoari aurre egiteko erreminta baliagarria dela ondorioztatzeaz gain. Arruabarrenak, bere aldetik, Hernaniko energia kooperatiba sortzeko arrazoiak gogoratu zituen, eta herritarrak ahalduntzea energia komunitateari ekiteko ezinbesteko giltza izan zela.

Pobreziari nola aurre egin?

Jardunaldien bigarren eguna Iturola kultur sorgunean egin zen. Garbiñe Olaberria Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak Behatokiak egindako ikerketetako datuak oinarri hartu zituen eta Aldundiak pobrezia energetikoa arintzeko zer neurri hartu dituen azaldu zuen. 

Erakundeez harago, herritarren ekimen kolektiboek ere zeresan handia dutela defendatu zuen GoiEnerreko Maria Arretxek. Bere hitzartzean, Powerpoor proiektua zer den argitu zuen: kooperatiba estatu mailan koordinatzen dabilen proiektu europarra,  herritarrei nahiz erakundeei pobrezia energetikoari aurre egiteko baliabide eraginkorrak eskaintzen dizkiena.

Jarraian, herritarren eta erakundeen elkarlanak fruituak eman ditzakeela agerian uzteko, energia ikuspegi sozialetik lantzeaz gain beste hainbat gairi ere ikuspegi komunitariotik heltzen dion Hernani Burujabe herri proiektuaren xehetasunak eman zituen Xabier Lertxundi alkateak. 

“Energia bulegoak eta herritarren ahalduntzea” mahai-inguruak eman zien amaiera jardunaldiei. Hizlari lanetan David Labeaga (Punto InfoEnergía – TEDER), Ainara Lasarte (Oarsoenergia – Oarsoaldea) eta Fermin Arruabarrena (Enherkom) aritu ziren. Hirurek azpimarratu zuten herritarrak informatu eta ahalduntzearen garrantzia, eta egoerari aurre egiteko ezinbestekoa dela saretzea eta elkarrekin lan egitea.

Proiektuaren nahiz jardunaldien inguruko informazio gehiago web orri honetan.