argia.eus
INPRIMATU
Powell eta McGuinness Euskal Herrian dira, EAJ, Sortu eta PSErekin biltzeko
  • Jonathan Powell eta Martin McGuinness nazioarteko bitartekariak Euskal Herrian dira, alderdi politikoekin bake-prozesuaren egoerari buruz hitz egiteko.

ARGIA @argia 2014ko uztailaren 16a
Powell, McGuiness eta Lokarriko koordinatzaile Pau Rios, astearte iluntzean Loiuko aireportuan. (Argazkia: EFE)

Rodolfo Ares PSEko Antolakuntza idazkariarekin, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena Sortuko kideekin, eta Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin dira biltzekoak. PPk uko egin dio gonbiteari, eta UPyDko legebiltzarkide Gorka Maneirok eskerrak eman dizkie ez gonbidatzeagatik, helburu "gezurti eta manipulazaitelak" dituelako.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak jakinarazi du ez dela nazioarteko bitartekariekin bilduko, haien bisitak "ezker abertzalearen estrategiarekin" bat egiten duelakoan, EFE agentziak dioenez.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Powellen azken bisitatik ez dela "ezer garrantzitsurik" gertatu. "Ona litzateke, hori baieztatzeaz gain, zerbait gehiago balego", esan du Erkorekak. Ezker abertzaleari zuzendu zaio Jaurlaritzako bozeramailea: "Hausnarketa eta azterketen aldia bukatutzat jo behar da. Zoru etikoa onartzea aurrerapena litzateke. Ezker abertzaleak agindu zuen aldebakarrez beteko zituela konpromisoak, eta horiek betetzeko garaian gaude jada".