argia.eus
INPRIMATU
Pote Filosofikoak egitasmoa estreinatuko dute Tolosan
  • Filosofia gizarteratu nahi dute, eta hilean behin Pote Filosofikoak antolatuko dituzte, Tolosaldean eta Goierrin; lehena, asteazken honetan, Tolosako 3 tabernan izango da.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urtarrilaren 22a

Filosofia eta trago bat. Tolosako 3 tabernan estreinatuko dute Pote Filosofikoak egitasmoa. Finean, unibertsitatetik atera nahi dute filosofia, eta eguneroko gaien gainean hitz egiteko txokoa bihurtu nahi dute. Tolosaldean emango diote hasiera, baina Goierrin ere egingo dituzte saioak.

Duela bi hilabete elkar ezagutu zuen laukotea da bultzatzailea. Joxe Azurmendi Katedrak elkartu dituela esan daiteke Beñat Esnaola orendaindarra, Alba Garmendia ikaztegietarra eta gallartarra den, baina Iruran bizi den Itsaslore Yarza. Tolosaldekoek, laukotea osatzeko, Mikel Urdangarin beasaindarra dute bidelagun.

Filosofia gizarteratu nahi dute, eta Gasteizen duela bi urte egin ziren kafe filosofikoei tiraka antolatu dute. «Plazara ateratzea nahi dugu filosofia, eta akademian ez dabiltzanen artean solasaldi filosofiko kritikoak izan nahi ditugu», dio Yarzak. «Egunerokoan eragiten diguten gaiak edo kezkatzen gaituzten gai horiek mahai gainean jarri nahi ditugu, eta horretaz hitz egin», gaineratu du Garmendiak.

Galdera bat izango du saio bakoitzak, eta lehena, Jada ezin dugu ezer(tan) sinetsi? izango da. 18:30ean hasiko da saioa, eta 20:00ak arte luzatuko da. «Galdera moduan planteatu nahi genituen eztabaidak jendeak jakin dezan zertaz doan gaia. Galderarekin iruditzen zaigu jada jendeari zer pentsatua ematen diogula», argitu du Esnaolak.

Borobilean eseri, eta bi aditu gonbidatu dituzte, eta biak ala biak, Joxe Azurmendiren kongresuan izan zirenak. Alde batetik, Andoni Olariaga izango da Erlatibismoaren egiak liburu argitaratu berriarekin, eta bigarren gonbidatua, Irati Zubia, filosofiako masterreko ikaslea da eta Egia-osteaz ariko da. Bakoitzak bere gaia kokatuko du hamabost bat minutuan. Gai guztiz zabala izan daiteke: «Hor dago pote filosofiko honen erronka. Joaten denaren arabera bideratuko da gaia. Guk ideia batzuk ditugu aurretik, baina ezin da jakin nondik nora joango den saioa», azaldu du Garmendiak.

Horrek ezberdintzen duela hitzaldi batetik dio Esnaolak, eta ateak zabalik dituzte hizketarako gogoa duen edonorentzat.