argia.eus
INPRIMATU
Positiboen kontrola=hezkuntza erantzun gabeziak

Aitziber Etxeberria Aranzabal 2020ko irailaren 21a

Hasi berri dugun 2020-2021 ikasturte honetan asko hitz egin da baliabide gehiagoz hornitu behar direla ikastetxeak, ikasle ratioak jaitsi behar direla, ikasleen hezkuntza presentziala bermatu behar dela…

Nik orain arte hitz egin ez den gai bat plazaratu nahiko nuke: hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kolektiboa eta beraiei behar duten hezkuntza erantzun egokia emateko eskola guztietan dauden Laguntza Zerbitzuko profesional taldea.

Gure curriculumeko eta Heziberri 2020 planeko ardatz nagusi dira inklusioa eta ekitatea, politikariek ahoa bete-beteta erabiltzen dituzten hitzak. Jakin nahiko nuke beraientzat bi hitz hauek zein definizio daukaten.

"Umeak orokorrean zigortzen ari gara, beraien ume izateko eskubidea albo batera utzi behar baitute, baina Hezkuntza Premia Bereziak dituzten umeak, berriz, era bikoitzean zigortzen dira"

Maiatzean, konfinamendutik burua ateratzen hasi ginenean, sare publikoan 2020-2021 ikasturterako Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleei behar duten hezkuntza erantzun egokia emateko baliabide pertsonaletan artaziak aplikatzen zizkieten bitartean, itunpeko sarera 8,6 miloi euro bideratu zituzten.

Araban adibidez, 10 hezitzaile eta pedagogia terapeutikoko 5 irakasle bai ala bai murrizteko agindua iritsi zen, hau goitik etorritako mandatua izan zen. Irakasleok piramideko lehenengo solairuan gaude; goitik etorritako mandatuak zein solairutatik datozen zaila da jakitea.

Badirudi Hezkuntza sailak honako asmo hau darabilela esku artean: “Zertarako bideratu baliabideak eskolak egunerokotasunean ikustarazten duen kolektibo batera, gizarteak ikusezin bihurtzen badu?”

2020-2021 ikasturtea jarri da martxan, eskolaz kanpo ez, baina eskolan burbuila gelak “lege unibertsalarekin” ezarri dizkigute. Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleentzat iraileko bigarren beherapenak aplikatu dituzte. Laguntza zerbitzuko taldeak osatzen ditugun profesional ezberdinen esku hartzean eragin zuzen-zuzena duen erabakia azken hau ere; izan ere, gela ezberdinetako ikasleekin taldekatze txikiak egitea debekatu dute. Ondorioz, ikasleei behar dituzten laguntza saioak murriztu zaizkie.

Umeak orokorrean zigortzen ari gara, beraien ume izateko eskubidea albo batera utzi behar baitute, baina Hezkuntza Premia Bereziak dituzten umeak, berriz, era bikoitzean zigortzen dira.

Non daude inklusioa eta ekitatea?

 

* Aitziber Etxeberria Aranzabal Euskal Eskola Publikoko Pedagogia Terapeutikoko irakaslea da