Amorante eta Ibil Bedi
Non: Portuko ranpi (Ondarroa)
Noiz: Azaroaren 25ean
------------------------------------------------
Ez zait aukerarik sortu orain arte Ondarroako Portuko Ranpara gerturatzeko. Toki berezia zela eta gustatuko zitzaidala esaten zidaten lagunek. Eta azkenean, aitzakia izan dut bertaratzeko Amorante eta Ibil Bedi taldeen kontzertuak zirela eta.
Inoiz egon ez denarentzat, ohar bi. Izenak berak adierazten du non dagoen aretoa. Portuko eraikin industrial zaharkitu horietako batean, hain justu, aldapa bete eskailera gora. Premisa: guay. Bestetik, sartuko zara eta ranpak bigarren adiera bat lortzen du: eszenatoki alboan, literalki, skate egiteko pista txiki bat dauka. Irudipena: guau. Aretoa herriko jendez eta kanpotarrez lepo bete da musikarien kontzertuak hasi baino dezente lehenago. Ez da zaila izan, txiki-txikia da-eta aretoa, baina giroa ederra da.
Amorantek bere azken laneko kantuak eskaini dizkie entzuleei. Ez du batere publiko erraza izan, hizketan eta marmarrean aritu dira asko latako zerbezak eta errusiarrak edanean. Oturuntza baten moduan hasi du kontzertua jendearen artetik tronpetatxoa eskuan. Dantzarako eta kanturako aukera ere izan da. Tekla, pedal, looper eta instrumetu zaharrekin milaka buelta eman ondoren bukatu du kontzertu autotunearen beteranoak. Askok ez zuten ezagutzen, eta sorpresa ona eraman dute. Famau.
Oholtzara igo dira gero Ibilbeditarrak, eguberri-argi artera. Iruñetik kanpoko hirugarren kontzertu eguna duten arren, indar apurrak gorde dituzte zapato iluntzerako. Gazteenek hartu dute lehen lerroa eta hasiera-hasieratik kantatu dute ikusleek. Skate pistaren aldean zirenek ere bai. Goldea diskoari buelta eman diote hasi eta buka. Entzuleetako batzuk Xirarena entzuteko irrikaz, kantuan hasi dira abesti-artean. Baina Ametsek aurreratu die oraindik ez dela horren txanda. Miceren Ausardiarik ez bertsionatu dute, emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren karietara, eta gizon koldarrei eskaini diete.
Baina komeni den dena denez halako espazioei gorazarre egitea, honek denak segituko du izaten, oasi. Batzuk ez lirateke ausartuko arriskatzen, eta horrexegatik Portuko ranpa gehiago behar dira Euskal Herrian. Agian Ibil Bedi apustu erraza da gisa honetako sala baterako. Baina Amorante bezalako artisten alde ere egin behar da. Entzuleak ohitu egin behar dira ezagutzen eta gustatzen ez zaien musika zuzenean aditzera. Entzule gisa ere tokatzen zaigu gure alea jartzea, eta euskarazko proposamen ez hain ohikoei gure agendetan eta belarrietan tokitxo bat egitea dagokigu.