argia.eus
INPRIMATU
Portugali koronabirusa konplikatu zaio Lisboa hiriburuan: 346 kasu berri egun bakarrean
  • Portugalek, Mendebaldeko Europan koronabirusa ondoen kontrolatu duten herrialdeetako bat, egunotan nozitzen du izurriaren piztualdi bat: 346 kutsatu berri hauteman dituzte egun bakarrean, ia %90 Lisboa hiriburuan. Albisteak kezka sortu du astelehenean, justu egun horretan liberalizatzen baitzen komertzioen ohiko funtzionamendua Lisboan, hamabost egunez zain egon ostean Portugaleko gainerako eskualdeak hirugarren fasean sartuta.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 16a
Ostatuak normaltasun berrian hasi dira lanean Lisboan. (Argazkia: Rafael Marchante)

Igandeko estatistiketan Portugalen azaldu diren 346 COVID-19 kasu berrietatik 300 Lisboari zegozkion. Hauetako gehienak obreroak eta jende xumeak bizi diren aldirietan aurkitu dituzte, nagusiki Azumbuja eta Jamaica auzoetan. Agintariak ahalegin handia egiten ari dira kutsatze kateak jarraituta gaixo gehiago aurkitzeko. Herritarrak ohartarazi ditu Antonio Costa lehen ministroak, adieraziz "pandemia gaur-gurkoz ez daukagu kontrolpean".

Izurriaren hasieran Portugal eredugarria izan da inguruko herrialde askorentzako, tartean gauzak askoz okerrago egin zituzten Espainia, Euskal Herria eta abarrentzako. Apirilaren 30ean ARGIAk plazaratu zuenez, ordura arte Espainiak milioi bat biztanleko 519 heriotza zeuzkan bitartean, Frantziak 369 eta Euskal Herriak 541... Portugalek 95 hildako baizik ez zeramatzan. Portugalek gutxienez bi faktoretan aurrea hartu zien Espainiari eta Frantziari. Batetik, salbuespen neurriak askoz azkarrago hartu zituen. Bigarren faktorea, portugaldarrek garaiz eta era masiboan erabili zituzten birusa detektatzeko testak. Hori oroitarazi zuen astelehenean Antonio Costak: "Portugal da milioi bat biztanleko test gehien egin dituzten herrialdeetakoa eta egindako testen proportzioan positibo gutxiena dauzkatenetakoa".

COVID-19aren estatistika zuzenak ematen dituen Worldometers zerbitzuaren arabera, ekainaren 16an Portugal 32. dago kutsatu kopurutan (37.036), 28. heriotz kopurutan (1.520) eta 23. milioi bat biztanleko heriotzetan (149). Portugalen aldean, Euskal Herriak atzo arte milioi bat biztanleko 670 heriotza zeramatzan, Espainiak 580 eta Frantziak 451.