argia.eus
INPRIMATU
Portugalgo hauteskundeak (I): Sebastianismoaren mitoa, AD eta ILtik Chegara

Mafalda Carvalho Cardoso 2024ko martxoaren 08a

Donatela Di Cesarek (2020) beldurraren eztabaidaz eta sentimendu horrek "garai modernoan" duen eraginari buruz hausnartzen du. XX. mendea erabateko izuaren arotzat jotzen du, non tiraniek lagunak eta etsaiak bereizten zituzten. Ariketa totalitario horrek boterea burdina bihurtu zuen, eta guztiak gorputz bakar batean urtzeko gaitasuna eman zion. Gaur egun, izua atmosfera bat da, eta ez du argibide zuzenik behar arriskuak kanpotik etorriko direla ohartarazteko. Demokrazia postotalitarioetan botereak beldurra eskatzen jarraitzen du, mehatxua eta lasaitasuna aldi berean erabiltzen dituelako, kanpoko arriskuaren aurrean babesteko promesa nabarmenduta.

Javier Mileik, Argentinako presidente hautatu berriak, krisi ekonomiko sakon baten erdian egin zuen hauteskunde kanpaina, hedabideetan eta sare sozialetan berak kasta edo klase politiko tradizionala deitzen zuenaren kontrako eta kaltegarria zen diskurtso bat zabalduta.

Portugalen, 2019ra arte ez ziren parlamentuan hiru alderdi politiko berri sartu: Livre, Iniciativa Liberal eta Chega. Azken horrek sinbolizatu zuen eskuin muturreko ideien itzulera Portugalgo oholtza politikora. Sartu-irten txikia izan arren, eserleku bakarra lortu ondoren, Chegak ikusgarritasun handia lortu zuen herrialde barruan eta kanpoan.

Ventura Chegako liderrak immigrazioaren aurkako ideiak eta islamaren aurkako jarrera sutsua sustatu ditu, eta uko egin dio LGTBIQ+ gutxiengoen eta ijito-komunitateen eskubideak onartzeari

André Ventura Chegako liderrak diseinatutako estrategiak hainbat elkargune ditu beste politikari erradikal eta populista garaikide batzuekin, hala nola Javier Mileirekin, Viktor Orbanekin, Donald Trumpekin eta Jair Bolsonarorekin. Venturak immigrazioaren aurkako ideiak eta islamaren aurkako jarrera sutsua sustatu ditu, eta uko egin dio LGTBIQ+ gutxiengoen eta ijito-komunitateen eskubideak onartzeari eta errespetatzeari. Chegak polarizazio sozial nabarmena ezarri du Portugalgo agenda politikoan, eta kanpoko ustezko etsai baten aurka dagoen eta horren beldur den komunitate autoktonoaren zentzua moldatu du. Europarekiko harremanari dagokionez, Chegak ez du eskuineko beste erregimen batzuen euroeszeptizismoa onartu; aitzitik, blokeko kide izaten jarraitzearen alde azaldu da. Fronte ekonomikoan, alderdiak joera liberala du, Hayek eta von Mises eskola austriarrak babestua.

Portugalen ezarritako diskurtso-estilo populista, Europako eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan bezala, kontratu politikoaren eraldaketa gisa azter daiteke, non manipulazioak kategoria diskurtsiboak gidatzen dituen. Populistek arrazoimenaren aurretik jarri ohi dute emozioa, argudioak eta zirkunstantziak faltsututa, eliteak herritik isolatu behar diren klase ustelenak direla adierazita eta burokraziari gaitz sozioekonomiko guztien existentziaren errua egotzita.

Populismoak iraganarekin hausteko eta nazioari bere etorkizuna itzultzeko gaitasuna gordetzen du lider karismatikoaren agerpenerako. Guk ez dugu hori nahi. Pedro Passos Coelhoren azken hitzaldia entzun genuen Faron, Aliantza Demokratikoaren kanpainaren irekieran, eta ez diegu ahotsik eman nahi haren "xarma" eta erokeriei, ez baitzen edonolako irristada izan. (In) segurtasunaz hitz egin? Nazionalismo- eta xenofobia-maniobrak erabilita herrialde baten segurtasuna zalantzan jartzea, Portugal segurtasunik gabeko herrialde bat atzerritar pobreen erruz dela esatea bezala da. Tonua Meloniri kopiatzen? Portugal ez da arriskutsua etorkinen eta errefuxiatuen erruz. Portugal herrialde segurua ez bada, diskurtso hori entzun eta harekin bat egiten duen eskuin autoritario gero eta erradikalizatuago baten ebidentziagatik izango da, portugaldarrak urduri jartzen eta inposatzen dituen beldur betierekoak banpirizatuz. Hemen Ventura entzuten ari ginen. Eta ez. Ez dugu hori nahi.

Mafalda Carvalho Cardoso

EHUko Zuzenbide Fakultateko ikaslea, Zientzia Politikoetan lizentziatua, Filosofian doktoregaia (Portoko Unibertsitatea)