argia.eus
INPRIMATU
Portugalgo Gobernuak muga jarri dio alokairuaren prezioari
  • Uztailaren lehen egunean martxan jarriko den legearen bidez, etxebizitzen alokairuan gertatzen diren gehiegikeriei oztopoak jarri nahi dizkio Portugalgo Gobernuak. Turismoaren igoerak portugaldarrengan eragin zuzena izan du, hiri nagusietako alokairuaren prezioak etengabe egin baitu gora.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 14a
Lisboa

Etxearen tamainaren eta kokapenaren arabera mugatuko ditu prezioak Alokairu Eskuragarrirako Programak, gehiegizko alokairuari aurre egiteko Portugalgo Gobernuak bultzatu duen neurriak.

Kokapenaren arabera, hainbat maila ezarri du programak herrialdearen zonaldeak banatzeko. Lisboa, adibidez, izango da alokairuaren muga altuena izango duena, Portugalen alokairu-eskari handiena duen hiria baita. Esparru bakarreko estudioen alokairua 600 eurokoa izango da gehienez Lisboan. Gela bakarreko etxe bat alokatu ezkero 900€ izango dira gehienez, eta bi gelakoak 250 euro gehiago balioko dute. 1375 eta 1550 euroko prezioak izango dituzte gehienez hiru eta lau geletako etxeen alokairuak, hurrenez hurren, eta hortik aurrera gela bakoitzeko 150 euro gehiago.

Oporto, herrialdeko bigarren hiri nagusia, eskalako bigarren mailan egongo da gehienezko prezioei dagokionez. Hemen 525 euro izango dira esparru bakarreko estudio batengatik gehienez eskatu ahal izango den dirua, eta bost gelako etxe batengatik 1500€.

Portugalgo herri eta hiri gehienak eskalaren bigarren maila merkeenean kokatzen dira. Herri hauetan 250 eurokoa izango da etxe oinarrizkoenen gehienezko alokairua, 450€ bi gelako etxeentzat eta 675€ bost gelakoentzat.

Hala ere, gehienezko prezio hauek urteko errentaren arabera egokituko dira. Bakarrik biziko den pertsona batentzat gehienez urteko 35.000 euroko errenta izan beharko du gehienezko prezio hauek eskuratzeko. Bikote bat bada, elkarrekin gehienez urteko 45.000 euroko errenta izan beharko dute. Bi pertsona baino gehiagok alokatzen badute etxea, pertsona gehigarri bakoitzeko urteko 5.000 euro gehituz kalkulatuko da alokairua eskuratzeko gehienezko errenta.