Passos Coelhorena Portugalgo historiako agintaldi laburrena izan da, hamaika egun. Gehiengorik gabe gobernua osatu ostean, zentsura-mozioa onartu dute parlamentuan Portugal a Frenteren gobernuaren aurka ondorengo zentro-ezkerreko alderdiek: Alderdi sozialistak (PS), Ezkerreko Blokeak (BE), Alderdi Komunistak (PCP), Berdeek eta Alderdi Animalistak (PAN).
Zentsura-mozioa baino ordu batzuk lehenago itxi zuten akordioa Alderdi Sozialistak, Ezkerreko Blokeak eta Alderdi komunistak. Komunistek eta Ezkerreko Blokeak ez dute koalizioa osatuko sozialistekin, baina parlamentuan Alderdi Sozialistaren gutxiengo gobernua babestuko dute. Gai garrantzitsuetan, aurrekontuen ingurukoak batez ere, aldebiko batzarrak egingo dituzte.
Hauteskundeen aurretik zaila zirudien ezkerreko alderdiek akordioa lortzea, baina zentro-eskuinak berriz irabazteak akordioa erraztu du. Ezkerreko alderdiek adierazi dutenez, helburua aurreko agintaldiko murrizketak eta austeritate politikak aldatzea da.
Urriaren 4ko hauteskundeetan Passos Coelhoren zentro-eskuineko koalizioak botoen %39a lortu zuen. Bigarren alderdia Antonio Costaren Alderdi Sozialista izan zen botoen %33arekin. Portugal a Frente kontserbadoreek gehiengoa lortu ez arren, Portugalgo sistema presidentzialista dela eta, Anibal Cavaco Silva presidentearen esku zegoen gobernu berria nork osatu behar zuen erabakitzea. Passos Coelhoren alderdi berekoa izanik boto gehien zituen alderdiaren alde egin zuen, nahiz eta jakin posible zela ezkerreko alderdiek parlamentuan gehiengo izanda gobernu berriaren aurka egitea. Astearteko mozioan 123k alde bozkatu zuten eta 107k aurka.
Cavaco Silva presidentearen esku dago berriz ere Portugalgo gobernuaren osaketa. Bi aukera ditu: Costari gobernu berria osatzeko eskatu edo parlamentuaren babesik ez duen gobernu kontserbadorearekin jarraitu aurrekontuak eta urgentziazko neurriak onartzeko. Azken aukera honen alde eginez gero ezinbestean hauteskundeak deitu beharko ditu datorren urterako.
Passos Coelhok Costa kritikatu du “gehiengo negatiboa” sortzearren, eta azken agintaldiko murrizketa politikak eta zergen igoera defendatu ditu. Costak bestalde, ezkerrak gobernua osatzeko duen eskubidea aldarrikatu du. CGTP Portugalgo sindikatu nagusiak deituta milaka pertsona elkartu dira parlamentuaren aurrean austeritatearekin bukatuko duen ezkerreko alderdien akordioa babesteko.