Emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgarritasuna du helburu ekimenak; zortzi bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Laugarren edizioa du aurten Señora Sariketak. Ekainaren 8an egingo da, Portugaleten. Aurten, egun bakarra izango du sariketak, eta, hori horrela, goizetik hasi eta arratsaldera arteko egitaraua antolatu dute.
Goizean, 12:30ean, bertso-poteoa izango da Ahalduntze bertso-eskolako kideen eskutik, Izar Gorria tabernan hasita. Bazkaria izango da ondoren, Portugaleteko merkatuan, 14:30ean. Aurrez izena eman behar da (hemen).
Sariketa merkatuan bertan izango da arratsaldean, 17:30ean. Sarrerak bertan eskuratu ahalko dira, borondatearen truke. Zortzi bertsolari hauek ariko dira kantuan:
Haira Aizpurua Ibargarai
Jone Uria Albizuri
Maialen Akizu Bidegain
Ane Zuazubiskar Iñarra
Araitz Katarain Mugarza
Ibai Lekuona Darceles
Eukene de Los Aires Amundarain
Irati Majuelo Itoiz
Gai-jartzaile lanetan Idoia Anzorandia Kareaga arituko da.
Emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko helburuz sortu zuten Señora Sariketa duela lau urte; belaunaldien eta lurraldeen arteko aliantzak sustatuta, betiere.
Hain zuzen ere, horixe irudikatzen du aurtengo irudiak: kateorratzak. Antolatzaileen hitzetan, kateorratza “señora guztiak” ordezkatu ditzakeen tresna da: “’Zorrotza’ da kateorratza eta ‘denak elkartzeko’ balio dezake aldi berean”.