Zortzi urte hutsik zeramatzan Karmengo Ikastetxe zaharraren ateak ireki dituzte “erabili gabeko guneak herriarentzat!” lelopean. Herriko kuadrillen arteko harremanak estutzeko eta gazteriaren sormena bultzatzeko asmoa aitortu dute proiektuaren sustatzaileek.
Uztailaren 4an gaztetxe berriaren proiektua aurkeztu zuten Portugaleteko hainbat gaztek. Sare sozialetan hedatu zuten komunikatuan azaltzen dutenez, portugaletetarrei funtzio soziokulturala duen espazio bat erabiltzeko aukera "ukatu” egin zaie urtetan zehar. Bitartean, 2012tik Karmengo Ikastetxe zaharraren jabeek eraikinaren interes eza adierazi dute, “hondamen egoerara kondenatuz”.
Hori gutxi balitz, Portugaletek jasaten duen “sekulako populazio dentsitatea” gogora ekarri dute: 47.000 lagun bizi dira hiru kilometro karratutan; zelai, parke eta gune komunen falta somatzen da bertan. Ondorioz, hainbat gaztek Karmengo eraikin zaharra bezalako espazio handiak hustuta egotea bidegabekeria dela uste dute.
“Portugaleteko gazte langileriak gurea dena berreskuratu behar dugu”, adierazi dute idazkian. Zortzi urtez hutsik egon den gunea “berpiztu” egin nahi dute, baita Azeta auzoa nahiz herria bera ere. Saskibaloi zein futbol zelaia, gune berdeak, ikasgelak eta gimnasioa bezalako instalazioak portugaletetarrei eskainiko dizkiete.
Herriko kuadrillen artean “harremanak estutzeko eta gazteriaren sormena bultzatzeko” baliagarria izango den gune kultural eta soziala sortzea dute helburu, “espekulatzaileen aurkako klase elkarkidetasuna sortuz”. Hori dela eta, herriko gazteei deia luzatu diete proiektua ikusi eta bertan parte hartzera.
Dagoeneko martxan dira eraikina erabilpen sozialerako doitzeko garbiketa eta konponketa lanak. Gazteek, instalazioen egoera ikustean, “jabeen utzikeria” salatu dute. Lorategian txukunketa lanetan ari zirela Guda Zibileko babesleku bat topatu dute.
Gaur ere lan eguna! Hurbildu eta parte hartu!
Hoy también es día de trabajo, ¡Acércate y participa! pic.twitter.com/sTdZCIkR0w
— Portugaleteko Gaztetxea (@PortukoGaztetxe) July 5, 2020