argia.eus
INPRIMATU
Portugaleteko udaltzainek tiroz hil dute autoan ihesean zen pertsona bat
  • Bikote batek ustez lapurtutako auto baten atzetik ziren Portugaleteko udaltzainak astelehen arratsaldean. Barakaldoko Mespelerreka auzora heltzean, ustez poliziak harrapatzen saiatzean, tiro egin diete autoaren gidariei. 35 urteko emakume bat bertan hil dute eta 37 urteko gizonezko bat Gurutzetako ospitalean dago zaurituta, aurpegian tiro bat jaso ostean.

Axier Lopez @axierL 2020ko martxoaren 10
Argazkia: Tele7

Astelehenean 35 urteko emakume bat tiroz hil du Portugaleteko Udaltzaingoak, eta larri zauritu berarekin batera ustez lapurtutako auto batean zihoan 37 urteko gizonezko bat. Portugaleteko alkate Mikel Torresek adierazi duenez, udaltzainak Portugaletetik ari ziren autoaren atzetik jarraika trafiko arau-huste bat egin ostean. Tiroketa Barakaldoko Mespelerreka auzoan gertatu da, udaltzainek adierazi dutenez, ihesean ari zen bikotea autoarekin poliziak harrapatzen saiatu ostean. Udaltzainek baieztatu dute autoa igandean lapurtu zutela Barakaldon. Udaltzain guztiak onik atera dira. Ertzaintzak agenteen pistolak konfiskatu ditu eta kasu ikertzen ari da.

Zauritua Gurutzetako ospitalera eraman dute. Aurpegian tiro bat jaso du eta koma induzituan dago. Hainbat hedabidek gizonezkoa ere hil egin dela zabaldu dute, baina ez dago baieztapen ofizialik.

Mespelerrekako bizilagun batzuek grabatu eta Tele7 telebista kateak zabaldu du ondorengo bideoa:

 

 

Udaltzainak armaturik?

Bizkaian, ia udalerri handi guztietan udaltzainek pistola eramaten dute aldean, Barakaldon, Getxon, Portugaleten edo Bilbon, kasu. Gipuzkoan eta Araban, ordea, ia bakarrik hiriburuetakoak dira pistola eramaten dute udaltzainak; beste udalerri handietan ez da horrela gertatzen. Eibarren kontu honek auzitegietan amaitu zuen eta, ibilbide luzea egin ondoren, epailearen aginduz ez daramate pistolarik udaltzainek. Halere, unean uneko eta herrian herriko borondate politikoaren arabera egoera alda daiteke. Plentzia da horren kasu bat. Pasa den uztailean EAJko udal gobernuak hala erabaki zuen, eta ordutik 4.500 bat biztanle dituen herrian udaltzain guztiek pistola eramaten dute.

2019ko ekainean, EAJk, PSEk eta PPk Poliziaren Legean hainbat aldaketa adostu zuten. Tartean, PPk indarra egin zuen EAEko herri guztietan udaltzainek legez armatuta joatea baimentzeko.