Ostegunean onartu du Ministroen Kontseiluak lege-dekretua. Hori zen PAN alderdi animalistak jarritako baldintza aurrekontuak onartzeko.
Portugalen ezingo dute aurrerantzean zezenketak ikustera joan 16 urtez azpikoek. Publico.es atariak zabaldu duenez, ostegunean lege-dekretu bat onartu dute Ministroen Kontseiluan. Portugalgo Gobernuaren arabera, 2019an eskatu zien NBE Nazio Batuen Erakundeko Adin Txikikoen Eskubideen Batzordeak zezenketetara joateko gutxieneko adina igo zezaten, eta horregatik egin dute legea.
Dena dela, lege-dekretuak beste garrantzia bat izan du: erabakigarria izan da aurrekontuak onartu ahal izateko. Izan ere, PAN alderdi animalistaren bozka behar zuen Antonio Costaren Alderdi Sozialistak, eta haiek jarritako baldintza zen lege hori ezartzea. Ines de Sousa Real PANeko parlamentariak adierazi du “garaipen garrantzitsua” izan dela.