argia.eus
INPRIMATU
Portu eta Sarasolaren tortura kasuagatik Espainia zigortu du Estrasburgok
  • Giza Eskubideen Europako Epaitegi Estrasburgok zigortu egin du Espainiako Estatua Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura kasuagatik. Torturaren aurkako Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratu duela ebatzi dute. Kalte moralengatik 30.000 eta 20.000 euro eman beharko dizkie Espainiako Estatuak, hurrenez hurren.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 13a

Portu eta Sarasolaren defentsak Estrasburgora joatea erabaki zuen, Gipuzkoako epaitegiak zigortu egin zituen lau torturatzaileak absolbitzea erabaki zuelako Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ondoren, Konstituzio Epaitegiak ez zuelako onartu epai honen aurkako helegiterik.

Kartzelan daude egun Igor Portu eta Mattin Sarasola, ETAko kide izatea eta 2006ko abendauren 30ean Barajasko aireportuan egindako atentatuan bi pertsona hil izana egotzita.

Atxilotu eta 16 ordura Igor Portu Donostiako ospitaleko zaintza berezietako unitatean sartu behar izan zuten. Birika zulatua, saihets bat hautsita, begi batean hemorragia eta gorputz osoa ubelduraz betea zuen, torturatua izan zela agerian geratuz.

Mattin Sarasolak bost eguneko inkomunikazioaren ostean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean salatu zuen bera ere torturatu egin zutela.