argia.eus
INPRIMATU
Portu eta Sarasolaren kondenak berrikusiko al dituzte Estrasburgoren epaiaren ostean?
  • Igor Portu eta Mattin Sarasolari jarritako kartzela-zigorrak berrikusi daitezela eskatu du Sortuk, asteartean Europako Giza Eskubideen Epaitegiak emandako epaiaren ondoren: Estrasburgok Espainia kondenatu du biei kalte-ordainak ematera, jasandako tratu txarrengatik.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 14a

Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaileak asteartean emandako prentsaurrekoan eskatu du Porturi eta Sarasolari ezarritako kondenak berrikusi daitezela, nabarmenduz lehenbiziko aldia dela Estrasburgok Espainia kondenatzen duela “ez bakarrik tortura-salaketak behar bezala ez ikertzeagatik”, baizik eta “torturatzeagatik”.

Rodriguezek gogora ekarri ditu Europako auzitegiak lehenago Espainiaren kontra emandako ebazpenak, zazpi guztira, eta adierazi du argi geratu dela Espainiako Auzitegi Gorenak ezkutatu egin dituela torturak, sistematikoki baztertu izan dituelako horrelako kasuak.

Espainiako Estatuko segurtasun indarren jarrera ere kritikatu du Rodriguezek, haien parte hartzearengatik bihurtu delako atxilotuak torturatzea “praktika sistematikoa”. Gaineratu du, Espainiako Auzitegi Nazionaleko forentseek, epaitegiek eta epaileek ere “beste aldera begiratu” dutela tortura kasuen aurrean.

Sortuko eledunak nabarmendu du Estrasburgoren sententzia zein egunetan etorri den ere: hain zuzen, Joxe Arregi torturatuta hil zuten egunetik 37 urte pasa direnean.