Klimaren alde ekintza ugariko uda izan da aurtengoa, urte bukaeran Parisen eginen den COP21 klimaren gailurrerako masa kritikoa sortzeko helburuarekin. Ekintza horietan lehena izan da uztailean Amsterdamen (Herbehereak) antolatutako Ground Control Climate and Agricultural Camp izenekoa.
Uztailaren 1etik 8ra bitartean, hiriko portuko lur zatia okupatu zuten klimaren aldeko ekintzaileek. Amsterdameko hazkunde ekonomikoaren toki garrantzitsuan kokatu zuten akanpalekua: portua ikatzaren, findu gabeko petrolioaren eta sojaren banaketarako funtsezko gunea da.
Europa osoko ekintzaileen topagune izan zen Amsterdaneko ekimena. Bileretarako, tailerretarako, janaria prestatzeko, informaziorako, prentsa komunikaziorako edota lege gaietarako guneek osatzen zuten akanpalekua.
Aste osoan antolatutako ekintzekin ingurumenaren gaineko eduki anitzak landu zituzten parte-hartzaileek. Energia sortzeko alternatiba jasangarriak eta lurra kaltetzen ez duen nekazaritza izan ziren eztabaidatutako gai nagusiak, eta jendearen jakintza eta jada lanean ari diren sareen informazioa elkartrukatzeko aukera izan zuten hurbildutakoek.
Ekintza zuzenerako aukera ere izan zen astean zehar: portuko ikatz eta soja guneetan pankarta erraldoiak jarri zituzten, eta trenaren errailetara kateatu ziren beste batzuk merkantzien garraioa eteteko.
Amsterdaneko kanpamendua udako ekimenen artean lehena izan bazen, gerora beste toki askotan ere antolatu dituzte antzeko ekitaldiak. Besteak beste Gasteizen (Frackanpada), Buren (Frantzia), Rheinlanden (Alemania), Peak Districten (Erresuma Batua) edota Bernan (Suitza) egin dituzte klimaren aldeko akanpadak.
Urte amaieran Parisen antolatu duten COP21 klimaren gailurrerako aurre-lanketa bezala aurkeztu dituzte ekimenok, abenduko goi bileraren aurrean kritiko agertu eta ekintza zuzena bultzatzeko.