argia.eus
INPRIMATU
Porruak eta santuak
  • Porrusalda hemen da.

Jakoba Errekondo 2024ko uztailaren 15a
Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA

Uztaileko ilbehera da, nire iritziz, udazkenaren, neguaren eta udaberriaren hasiera gozatuko dizkigun porrua landatzeko sasoirik onena (Allium ampeloprasum var. porrum). Porruari ez zaio gustatzen berorik eta are gutxiago lehorterik. Uztailean eguna laburtzen hasia dago –ekainaren 20ko solstizioko egun luzeenetik uztailaren 31 artean zehazki 45 minutu eta 12 segundo moztuko da– baina oraindik egunak oso luzeak dira, eta hazteko, hori maite du; fotoperiodikotasun luzeko landarea da, bai orain hazteko eta bai hurrengo urtean udaberriko egunik luzeenetan loratzeko ere. Baina porruak badaki zer-nolako gozamena datorkion: egunetik egunera egun-argia moztuz ari du, eta eguzki, bero eta lehorte gutxiago eta ur eta hotz gehiago. Orduan gozatu egingo da porrua, zenbat eta hotz gehiago, orduan eta gozoago. Porruak bere liliazeoen familiako baratxuriak (Allium sativum) eta tipulak (Allium cepa var. cepa) bezala usain eta dasta bereziak ditu sufreari lotutako esentziak direla medio: horregatik osasunerako oso onak direla diote jakitunek.

Dakitenek diote, baita ere, porruak sustraietan onddoekin tratuak egiten dituela. Horrek hazkundean lagunduko dio, eta bere elikadura aberastuko duten jakiak ekarriko dizkio, batez ere fosforoa. Porruaren traturako gaitasun hori baliatzen ari dira, sustraietako laguntza hori beste barazki batzuetan ere txertatzeko. Nafarroan, Castejonen, tomatearekin eta piperrarekin egin dituzte saioak: porruetan sustraietako mikorrizak sortu eta gero beste barazkion hazietan edo landareen sustraietan txertatu dituzte. Horrekin landarearen kemena harrotzen da eta, batez ere, lehorte sasoiren bat bada hari aurre egiteko bere gaitasuna hazi egiten da. Horrek etorkizun handiko teknika bilakatu du, klima aldaketaren medioz datorren panorama seko lehorrarekin. Hezezale eta lehorkontrario amorratua den porruak salbatuko ditu Euskal Herriko hego muturreko muturreko beroak bizitzen dituzten berozaleenak.

Milaka urte da porrua landu eta jaten dugula. Mesopotamia, Turkia, Egipto eta inguruko lurraldeetan duela 3.000 urte baino gehiago jaten zutela esaten da, esklabo piramidegileen jaki bezala, adibidez. Gero erromatarrek bereganatu eta hedatu omen zuten. Itxuraz, Euskal Herrira duela ehunka urte gutxi batzuk ekarri zuten. Isuri atlantikoko jende txiroaren oinarrizko elikagaia zen negu partean. Orain ere badugu porrutik: 2021ean Hego Euskal Herrian ia 7 milioi kilo porru sortu zen, erdia Nafarroan. Porrusalda izango da gure ikur gastronomikorik ederrenetakoa, egun ahaztu xamarra daukagula iruditzen bazait ere. Ez ote zuen bada bateren batek zabalduko Eric Birlouez ingeniari agronomo eta soziologo handiak 2020ko Petite et grande histoire des légumes ederrean dioena, hau da, Hildegarda Bingengoa (1098-1176) santa renaniarrak porruari egozten ziola sexurako grina eta indarra zapuztea.

Munduko porru ekoizle eta jale handiena Frantzia da; eta, santuak santu, han argotean “porrua” esaten diote zakilari.