argia.eus
INPRIMATU
Porrua eta eulia, neguko urdinaren porrota
  • Porruaren kolore urdina nabarmen agertzen da neguak gorritutako paisaian. Urdinezko olatuen itsasoak dira porru sailak. Behazunduta dabil, baina, azken urte hauetan porruzaintzaile jendea. Aspaldi arerio zuten sits bat (Acrolepiopsis assectella), zeinak hostoetan arrautza jarri eta handik sortzen zen harrak goitik behera jan eta zulatzen duen porruaren mamia. Azken urte hauetan euli petral batek kendu nahi die loa: Phytomyza gymnostoma.

Jakoba Errekondo 2022ko abenduaren 06a

Atentzioa emango du negu parte honetan porrurik ez duen baratzeak. Porrua (Allium porrum) eta aza jendea (Brassica spp.) dira neguko barazkien erreginak. Bestelakorik ere topatuko duzu, haien abarora hurbildu nahian: besteak beste, baratxuria (Allium sativum), eskarola (Cichorium endivia), zerba (Beta vulgaris var. cicla), erremolatxa (Beta vulgaris subsp. conditiva), ziazerba (Espinacia oleracea), txikoria (Cichorium intybus), tipula (Allium cepa), errukulak (Eruca vesicaria var. sativa eta Diplotaxis tenuifolia), kardua (Cynara cardunculus), orburua (Cynara cardunculus var. scolymus), mihilua (Foeniculum vulgare), errefaua (Raphanus sativus), morroina edo borraja (Borago officinalis), Daikon arbi zuria (Raphanus sativus), azenarioa (Daucus carota subsp. sativus) arbi-apioa (Apium graveolens var. rapaceum) eta apioa (Apium graveolens var. dulce). Neguan eguna luzatu ahala barazkien plazara azalduko dira zainzuria (Asparagus officinalis), ilarra (Pisum sativum), baba handia (Vicia faba).

Porruaren kolore urdina nabarmen agertzen da neguak gorritutako paisaian. Freskurak eta urak bizia ematen diote, eta azala urdintzen dute; urdinezko olatuen itsasoak dira porru sailak. Dotoreenak haizetokietan landatutakoak; mendebalak jotzen duenean bere hostoak txima-jario egoten dira.

Behazunduta dabil, baina, azken urte hauetan porruzaintzaile jendea. Aspaldi arerio zuten sits bat (Acrolepiopsis assectella), zeinak hostoetan arrautza jarri eta handik sortzen zen harrak goitik behera jan eta zulatzen duen porruaren mamia. Azken urte hauetan euli petral batek kendu nahi die loa: Phytomyza gymnostoma. 2015ean azaldu zen izurria Pennsylvanian, AEBetan; eta oso urte gutxi da hona iritsi zela, baina dagoeneko ia Euskal Herri osoan zabalduta dago. Hostoetan arrautza nanoak jarri eta handik sortutako harrek, helduek bezala, izerdia zurrupatzen dute. Gero porruaren beheko buruan pupa edo krisalida sortuko dute, heldu bihurtzeko bidean. Goitik beherako bidea eginez porruaren hostoak zartatzen dituzte eta porruak zuzen hazi ordez kiribildu, kizkurtu eta makurtu beste aukerarik ez du. Euli txatxuaren aurkako tratamentuak badaude, baina eraginkorrena porru saila begi itxi-itxiko (0’8 mm baino txikiagokoa) sare batez estaltzea da. Eta sarea altu samar jarri behar da, porruaren hosto luzeak ukituko ez duen goieran; gainontzean euliak saretik barrena jar dezake, lasai asko, arrautza hostoan.

Eta denok behazunduko gara sare zuriekin estalita porruaren urdinak neguan sortzen dituen lehorreko olatu urdinezko itsasoak akabo izango direlako. Adio, agur, fini neguko ikuskizun ederrenetakoari. Euli ziztrin bat gorabehera, alajaina!