argia.eus
INPRIMATU
Pornografiak gazteen sexu-heziketan duen eraginaz ohartarazi du Emakundek
  • Emakundek Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da leloa aukeratu du azaroaren 25erako, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguneko kanpainarako. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak adierazi du nagusiki kontsumitzen den pornoa emakumeen aurka bortitza dela.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 10
Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek, EUDELek eta Emakundek elkarrekin aurkeztu dute Azaroaren 25eko kanpaina. Argazkia: Emakunde.

Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da lelopean Emakundek, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun Sailak, EAEko hiru foru aldundiek eta EUDELek hilaren 10etik abian jarri dute kanpaina. Azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna da eta ordura arte iraungo du kanpainak hainbat euskarritan, dela telebista-irratietan, hedabideetan, kaleko euskarrietan eta sare sozialetan.

Erakundeetako ordezkariek elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan azpimarratu dute kanpainaren bidez gizartea ohartarazi nahi dutela gazteen sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteak dituen arriskuez.

Hainbat datu eman dute gaiaren inguruan. Adibidez, eszena pornografikoen %88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du eta pornoarekin lehen harremana izateko batez besteko adina 12 urtekoa da. Nerabeen %33,4k uste du pornoak eragin handia duela beren sexu-harremanetan.

 

Kanpainaren aurkezpenean, Melgosa sailburuak azaldu du gazteek inoiz ez dutela hain eskura eduki pornografia: “Teknologiaren aurrerapenak, interneten nonahikotasunak, pornografia gure gizartean masiboki hedatzea eragin du, aurrekaririk ez duen moduan, eskaintza ikaragarriarekin, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin". Bere ustez, "arazoa ez da sexua, indarkeria baizik, nagusiki kontsumitzen den pornoa emakumeen aurka bortitza delako". Melgosak gehitu du pornografia indarkeriaren eskola bihurtzen dela, eta nerabeek harremanetan egin behar dutenari buruzko jarraibideen liburu moduko bat. Pornografiak eraikitzen duen imajinario erotiko kolektiboaz hitz egin du Melgosak: “[Imajinario horretan] emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerak normalizatzen dira; imajinario bat, non beste pertsonarekiko enpatia desagertzen den, eta botere-harremanekin ordezkatzen den; menderatzen ikasten duten gizonek, men egiten eta umiliatuak izaten ikasten duten emakumeek". Bere hitzetan, gehien kontsumitzen den pornoaren bidez, "maskulinitate bortitza eta menderatzailea indartzen da, eta feminitate atsegina, kosifikatua, beti gizonezkoen gozamenaren eskura dagoena".

Melgosak aipatu du indarkeria prebenitzeko tresna dela gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzea, eta gizarteari, erakundeei, gizarte eragileei eta familiei dei egin die gazteek sexua indarkeriarekin eta emakumeen umiliazioarekin lotu ez dezaten.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Jakitun programa hizpide izan du. Programa horretan hezkuntza afektibo-sexualean adituak diren pertsonekin ari dira lan egiten. Gaineratu du, kontsumitzen den pornografia indarkeriaz beteta egoteaz gain, estereotipo eta aurreiritzi arrazista eta sexistez ere beteta dagoela.