argia.eus
INPRIMATU
Pornoaren aurrean, sexu heziketa
  • Pornografiaren eta desinformazio sexualaren aurrean gogoetatu eta baliabideak partekatzeko, jardunaldi arrakastatsuak egiten ari dira Nafarroan, eskola eta familiei zuzenduak. Astearte honetakoa da euskaraz egingo duten jardunaldi bakarra, Bertizen. “Sexu heziketa ez da ideologia bat, hainbatek hala saldu nahi duten arren, hezkuntza etapa guztietan landu beharreko funtsezko edukia baizik”, nabarmendu dute hizlariek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko ekainaren 06a
"Gazte askoren artean dagoen errealitate bat da pornografia. Eta agerikoa da pornoaren helburua ez dela heztea".

Skolae programaren bueltan antolatu ditu jardunaldiak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Iruñean, Tuteran eta Bertizen. Heziketa sexual eta emozionala aldarrikatu eta tresnak eman nahi dizkiete irakasle eta gurasoei, gazteen artean nagusi den pornografiaren aurrean. Pornoa fikzioa dela, industria kapitalista indartsu bati erantzuten diola eta arrisku-praktikak normalizatzen eta genero estereotipoak betikotzen dituela gogoratu dute, egunotan.

Ekainaren 6 honetako jardunaldia da hiruetan azkena eta euskaraz izango den bakarra, 16:00etan, Bertizen. Heziketa emozionalaz eta norbere bidearen jabe izateaz hitz egingo du Ane Ablanedo irakasleak, heziketa sexuala eta curriculuma uztartuko ditu Ibai Fresnedo Hiruki Larroxako kideak, heziketa sexual feminista izango du oinarri Ane Ortiz Emaize zentro sexologikoko kidearen hitzaldiak, eta seme-alabekin sexualitateaz hitz egitearen garrantziaz arituko da Amaia Lopez de Armentia sexu osasunaren arretarako zentrokoko profesionala.

Amaia Lopez de Armentiarekin hitz egin du ARGIAk, bere hitzaldiaren inguruan:

"Garbi izan behar dugu haurren sexualitateak ezaugarri berezkoak eta ezberdinak dituela, bizitzaren beste etapa batzuekin alderatuta"

Hitz egin dezagun sexualitateaz gure seme-alabekin du izena zure hitzaldiak. Gutxi hitz egiten dugu sexualitateaz, oraindik ere?

Gaia saihestera jo duen hezkuntza eredutik gatoz, tabuaren eredutik, isiltasunarena, debekuarena... Gero eredu permisiboago batera igaro ginen. Orain gure erronka da giza dimentsioa duen eta lantzea merezi duen sexualitatearen errekonozimendu eredua. Sexualitatea lantzen ikasten da hitz eginez. Familiek eta irakasleek pausoa eman behar dugu eta hitz egin behar dugu sexualitateaz.

Hitz egin, zein adinetatik eta nola?

Lehenengo unetik: azala azalarekin kontaktuan mantenduz, atxikimendua sustatuz, familia eta bikote aniztasunaz hitz eginez... Haurren jakin-minari erantzungo diogu, haien garapen ebolutiboa errespetatuz. Garbi izan behar dugu haurren sexualitateak ezaugarri berezkoak eta ezberdinak dituela, bizitzaren beste etapa batzuekin alderatuta. Baina sexualitatea ez da nerabezaroan hasten.

Gurasooi errazagoa zaigu gai hau eskolarengan delegatzea?

Erantzukizuna komunitate osoarena da. Familia lehenengo urteetan, ikastetxea geroago, osasun-sistema, hedabideak...

Pornoaren aurrean bestelako begiradak eskaintzea da jardunaldien helburuetako bat. Pornoa da gazteek duten erreferentea?

Gazte askoren artean dagoen errealitate bat da pornografia. Eta agerikoa da pornoaren helburua ez dela heztea. Aldiz, heziketa sexualaren xedea da haur eta nerabeek beren burua ezagutzea, onartzea eta tratu onak oinarri dituzten harremanak garatzea, kritiko izatea pornografia biolentoak edo mainstream-ak eskaintzen dituen eredu eta desinformazioarekiko. Erronka da sexualitatean heziketa integrala bermatzea, nazioarteko erakundeek agintzen duten moduan.

Askotan, sexuaz gaztetxoekin hitz egiterakoan sexuaren arriskuez, prebentzioaz… hitz egiten da bakarrik, eta ez hainbeste plazeraz, batez ere nesken kasuan.

Ikuspegi positiboagoa eta zabalagoa izan behar dugu, eta arrisku eta prebentzioaz gain, sexualitatearen bizipen eta adierazpen atsegina sustatu behar dugu. Tratu ona erotizatzea, gizonengan, emakumeengan, aniztasun funtzionala duten pertsonengan, bikotekidea izan edo ez, desira-joera dena delakoa... eta bizitzaren etapa guztietan. Horregatik hitz egiten dugu sexualitateez, pluralean.