Pasaiako portuko ekitaldi batean herritar batek porlan hautsa bota die Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiari, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori eta Donostiako alkate Eneko Goiari: "Hau da egunero jasaten duguna Pasaiako portu zikin honetan", esan die.
Besteak beste EiTBk jaso dute gertaturikoa iruditan.
Agintari politikoak Trintxerpe eta Herrera arteko oinezko bidea inauguratzen ari ziren asteazken goizean, EAEko Espainiako Gobernuaren Ordezkari Jesús Lozak eta Pasaiako Portu Agintaritzako Felix Garciandiak lagunduta.
Badian Bizi plataformak elkarretaratzea egin du inguru hartan jasaten duten kutsadura eta zikinkeriagatik protestatzeko. Sarritan salatu dute haien osasuna kaltetzen duela portuko zenbait jarduerak, eta duela hiru hilabete moila batean gertaturiko sute handiak herritar askoren haserrea bizitu du.
Felix Garciandiaren ostikoa
EiTBren eta Vocentoren arabera elkarretaratzean zegoen lagun bat izan da, plataformako kideengandik aldendu ondoren, politikariengana hurbildu eta porlan hautsa bota diena. Momentu horretan, irudietan ikus daitekeenez, Garciandiak ostikoz jo du herritarra eta honek "nik ez zaitut zu jo" esanez erantzun dio.
Ondoren bizkartzain batek atzeman du. Ertzaintzak agintariei eraso egitea egotzita atxilotu du herritarra.