Oxfam Intermon-en txostenak ohartarazi du planetak dituen erronka handienei, hala nola krisi klimatikoari, eta pobrezia eta desberdinkeria iraunkorrari aurre egiteko ahalegin globalak mehatxupean daudela. “Boterea ultraaberatsen eta megaenpresen eskuetan pilatzen ari da”.
Kapitalismoaren desberdinkeria azeleratzen nola ari den erakusten ari da urtez urte Oxfam. 2014an ARGIAn informatu genuen nola 85 pertsona aberatsenek munduko 3.600 milioi herritarrek adina zeukaten. 2016an, 62 ziren. 2017rako, 43 ziren. 2019an 26 ziren munduko herritarren erdiak adina zutena. Gero pandemia etorri zen, hamar pertsona aberatsenek bikoiztu egin zuten beren fortuna eta 2022rako, hamar pertsona aberatsenek 3.600 milioi txiroenek baino sei aldiz gehiago daukatela nabarmentzen zen. Bi urtetan –2019ko abendutik 2021eko abendura– munduan sortu den aberastasunaren bi heren –%63– %1 aberatsenaren eskuetan geratu dela nabarmendu zuen 2023ko txostenak.
2024ko irailean argitaratutako Multilateralism in an Era of Global Oligarchy (Multilateralismoa mundu mailako oligarkiaren aro batean) txostenak ere azpimarratu du boterearen eta aberastasunaren kontzentrazioa areagotzen ari dela, eta horrek desberdintasunak elikatzen dituela herrialde barnean eta herrialdeen artean. Adibide moduan azaldu du Hegoaldeak daukala munduko populazioaren %79, eta aldiz, aberastasunaren %31.
Oxfamek ohartarazi du Nazio Batuen Batzar Nagusia ekintzarako gaitasuna galtzen ari dela. Oxfameko zuzendari Franc Cortadak hala adierazi du: “Mundu mailako oligarkiaren itzala Nazioa Batuen Batzar Nagusiaren gainean dago. Oligarkiaren menpe dauden ultraaberatsak eta megaenpresak joko arauak haien alde erabiltzen ari dira, gainerako populazioaren kaltetan. Nazio Batuak ekintza gaitasuna ari da galtzen milioidunen boterearen aurrean”. Datu zehatz bat jaso du txostenak, ekonomian milioidunek duten eragina azaltzeko: milioidun pertsona bat dute zuzendari exekutibo edo bazkide nagusi munduko 50 enpresa handienen herenak baino gehiagok. Enpresa horien guztien artean 13,3 bilioi dolarreko kapitalizazioa daukate burtsan.
Txostenak azaltzen du nola ari den mundu mailako oligarkia sendotzen eta nola ultraaberatsek eragiten duten erabaki politikoetan eta joko arauetan. “Haiek aberasten diren bitartean, mundu mailako garapenean aurrerapausoak murrizten ari dira”.
Oxfameko zuzendariak adierazi du ultraaberatsek eta botere handieneko enpresek planetaren arazo nagusiak konpontzeko ahaleginak geldotzeko esku hartu dutela. Ahaleginen artean aipatu ditu ihes eta iruzur fiskalaren aurkako borroka, COVID-19aren aurkako txertoak biztanle guztien eskura jartzea, eta Hegoaldeko herrialdeen zor jasanezinak bertan behera uztea.
Cortada zuzendariak mundu mailako oligarkiaren boterea ahultzeaz hitz egin du: “Ekitatean eta justizian oinarritutako multilateralismoak baino ez du lortuko oligarkia globalaren indargabetzea. Munduko hainbat liderrek frogatu dute horretaz jabetuta daudela eta desparekotasunaren aurkako ahaleginak areagotu dituzte. Alabaina, gehiagok egin behar dute eta indar handiagoz”.