argia.eus
INPRIMATU
“Popatik hartzera” bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik
  • Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza erakutsi zien.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 06a

Gure Esku Dagok Frantziako Tourraren testuinguruan antolatutako kalejiraren ostean gertatu zen eraso, Irunen. Kalejira amaituta, hiru emakumeak ertzain talde batengana hurbildu eta jateko toki baten inguruan galdetu zieten.

Naizek eman du elkarrizketa osoaren berri, emakumeen ahotik (elkarrizketa euskara hutsean argitaratzen dugu, baina ertzainak gazteleraz aritu ziren uneoro) eta Antxeta irratian ere mintzatu dira.

Herenegun, Gure Eskuren deiari erantzunez, 12etan, Irunen ginen ikurrina eskutan, lagun bat, nire alaba eta ni. Ordu batak eta erdiak inguru ziren eta bazkaltzeko toki baten bila hasi ginen. Bi ertzain zeuden Ficoba parean eta han zegoen pankarta baten berri galdetu genien:

- "Hor atzean dago", erantzun zuen batek.

- "Baina etxera eramateko ematen dute soilik", besteak.

-"Bi ertzainetatik batek ere ez dakizue euskaraz?", galdetu nien nik.

- "Badakit euskaraz, baina ez dut erabiltzeko inongo asmorik", batek.

- "Horrela doa euskal polizia", nik.

- "Ni ez naiz polizia euskalduna, polizia espainiarra naiz", beti ertzain berak.

Lur eta zur geratu ginen.

- "Ez daki euskaraz", esan zuen nire alabak.

Mehatxuka hurbildu zitzaion eta erantzun zion: " Zu baino hobekiago dakit euskaraz, eta EGA daukat. Nahikoa da, alde hemendik egin behar duzuena egitera, eta popatik hartzera".

Orduan nik esan nion (gazteleraz): "Mesedez, emango didazu zure identifikazio plaka?".

- "Hau da nire zenbakia", erantzun zigun eskuarne erdiko hatza erakutsiz.

- "Eta popatik hartzera", bigarren aldiz.

Jende gehiago hurbildu zen. Eta alde egin genuen.