argia.eus
INPRIMATU
Katalanera itzulitako euskal narratiba garaikidearen antologia aurkeztuko dute Bartzelonan
  • Pomes perdudes (Sagar galduak) liburua aurkeztuko dute ostegunean Bartzelonan. Katalanera itzuli den euskal ipuingintza garaikidearen antologia da. Tigre de Paper argitaletxeak argitaratu du eta Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruan mamitutako ipuinak dira nagusi.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 30a
Daniel Escribanok hautatu eta itzuli ditu ipuinak. Irudian, liburuaren azala. (Argazkia: tigredepaper.cat)

Xabier Montoia eta Xabier Mendiguren idazleak izango dira liburuaren aurkezpenean Bartzelonan.

Tematikari dagokionez, faxismoaren aurkako borroka, tortura eta herri mugimenduen kontrako "gerra zikina" dira gai nagusiak. Hala ere, ageri dira beste azpigai batzuk ere, familiaren baitako abusuak edo harreman pertsonaletan biolentzia politikoak dituen ondorioak, kasu.

Orain arte katalenera itzuliak izan ez diren testuak dira "sagar galduak". Argitaletxearen arabera, “inor epel uzten ez duen gatazkaren baitan jaiotako narratiba” da.

Ipuingintza garaikiderako bidean idazle gazteek bete duten papera nabarmendu dute. Bide horretan mamitutako lana bereziki narrazio laburrean ageri dela azaldu dute eta hain zuzen, hori dela antologiaren helburua: euskal literaturan azken bost hamarkadetan sortu diren “sagar heldu tentagarrien” dastaketa txikia katalanez eskaintzea.

Ipuinak ondorengo egileenak dira: Txomin Peillen, Jon Mirande, Karmele Jaio, Joseba Sarrionandia, Patxi Zubizarreta, Koldo Izagirre, Xabier Montoia, Uxue Apaolaza, Harkaitz Cano, Katixa Agirre, Eider Rodriguez eta Iban Zaldua. Testuen hautaketa eta itzulpena Daniel Escribanok egin du.