argia.eus
INPRIMATU
Aurrekaririk gabeko erabakia
Polonian independentzia judizialik ez dagoela iritzita, EBko erakundeetan boto gabe utz dezakete
  • Poloniak azken bi urteetan egin dituen erreformek botere judizialaren independentzia arriskuan jartzen dutela iritzita, Europako Batzordeak abian jarri du herrialdea EBko erakundeetan botorik gabe utziko lukeen prozesua.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 20a
Herritar ugarik egin zuen protesta Poloniako sistema judizialean egindako erreformen kontra.

Europako Batzordeak ohartarazpena bidali die Europar Batasuneko 27 estatuei, esanez Poloniako Gobernuaren programa legegilea arriskuan jartzen ari dela estatu demokratiko baten oinarrizko baloreak. Batzordearen ustez, herrialdeko gobernuak epaitegietan esku hartzeko aukera izateak arriskuan jartzen du estatu demokratiko baten oinarrizko funtzionamendua.

Frans Timmermans Batzordeko buruaren adierazpena jaso du The Guardian egunkariak: “Azken bi urteetan lege kopuru esanguratsu bat onartu da –hamahiru guztira–, zeinak arriskuan jartzen duen botere judizialaren independentzia eta botere-banaketa”.

Timmermansen arabera, Polonian ematen ari diren erreforma judizialaren eraginez, epaitegiak agintean den gehiengoaren menpe jarri dira. “Independentzia judizialik gabe, duda handiak sortzen dira EBko zuzenbidearen aplikazio eraginkorraren inguruan”, Batzordeko eledunaren esanetan.

Horrenbestez, orain arte inoiz aplikatu ez den Lisboako Itunaren 7. artikulua abian jartzeko prozedura mahai gainean dago. Artikulu hori indarrean sartzeak azken buruan eragin dezake Poloniak EBko erakundeetan botoa emateko eskubidea galtzea eta Batasunetik jasotzen dituen finantza-laguntzak galtzea.

Horretarako, ordea, EBko kide diren estatuek aho batez babestu beharko lukete neurria –The Guardianen arabera, Hungariako gobernu eskuindarrak adierazi du ez duela inoiz horrelako zerbait babestuko–.