argia.eus
INPRIMATU
Polonian emakume bat hil da berandu egindako abortu baten ostean
  • Bikien haurdunaldi baten lehen hiruhilekoan zegoen andrea, eta fetu bat hil egin zen abenduan, baina, familiak salatu duenez, medikuek ez zioten hura atera nahi izan; emakumearen osasuna okertu egin zen, eta urtarrilaren 25ean hil da. Poloniako abortuaren lege zurrunari egotzi diote heriotza, eta kasua ikertzen ari da Justizia.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 27a
Polonian ia guztiz debekatuta dago abortatzea. Argazkia: Michal Ryniak, REUTERS

Hildako emakumearen familiak mezu argia zabaldu du Facebook bidez: Poloniako Gobernuak eskuak odolez zikinduta ditu. Izan ere, 2021ean ezarritako abortuaren legeari egotzi diote heriotza, erabat debekatuta eta zigortuta dagoelako abortua praktikatzea, hiru salbuespen hauetan izan ezik: amaren osasuna arriskuan dagoenean, edota haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio denean –inoiz ez fetuak malformazioak dituenean–. Poloniako justizia ikertzen ari da ea medikuen erabaki okerrengatik hil den andrea, Publico.es atariak argitaratu duenez.

Emakumeak 37 urte zituen eta beste hiru seme-alabaren ama zen, eta haurdunaldi honetan bikiak espero zituen. Familiaren esanetan, abenduaren 21ean ospitaleratu zen, haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan, sabeleko min handiagatik eta botaka ari zelako, baina “erabat kontziente eta baldintza fisiko zein psikologiko onekin”. Abenduaren 23an fetu bat hil egin zen naturalki, baina medikuek “itxarotea” erabaki zuten, beste umekia salbatzeko “aukerak” zeudelako; astebetera hil zen beste fetua. Abenduaren 31 arte sabelean eduki behar izan zituen bizitzarik gabeko umekiak, medikuek legea oinarri hartuta hala erabakita. Familiak gogor kritikatu du ospitalearen jarrera, eta azpimarratu du apaiz bat eraman zutela umekiei “hileta” egiteko.

Familiak salatu du egunetik egunera emakumearen osasun-egoera okertzen ari zela, harik eta urtarrilaren 25ean hil den arte. Uste dute sepsis bat zuela, baina salatu dute medikuen dokumentuetan ez dela halakorik ageri. Datozen egunetan autopsia egingo diote gorpuari.

Abortuaren legea emakumeen eskubideen aurka

Irailean beste emakume bat hil zen Polonian, antzeko egoera baten ondorioz. Haurdunaldiaren 22. astean ospitaleratu zuten, fetuak ageriko malformazioak zituela eta likido amniotiko guztia galduta zuela, baina ukatu egin zioten haurdunaldia etetea. Shock septiko baten eraginez hil zen; bestela esanda, abortuaren legeak hil zuen. Urtebete da PiS alderdi ultrakontserbadoreak legea ezarri zuela, protesta jendetsu eta indartsuen artean. Geroztik, 1.000 emakumek baino gehiagok jarri dute helegitea Europako Giza Eskubideen Auzitegian, Nazioarteko Amnistia taldearen arabera.