Abortu eskubidea aldarrikatzeko greba egin zuten milaka emakumek urriaren 3an Polonian. Manifestazio horiek direla eta, abortua guztiz debekatzen duen lege-proiektua bertan behera utz dezake gobernuak.
‘Astelehen Beltza’ deituriko protestak eragina izan du Polonian. Izan ere, “legearen inguruan hausnartzera eta umiltasunez jokatzera irakatsi” diela adierazi du Jaroslaw Gowin Hezkuntza eta Zientzia ministroak, Associated Press agentziak zabaldu duenez.
Horretaz gain, abortua guztiz debekatzeko lege asmoarekin ez dutela jarraituko eman du aditzera Senatuko bozeramaile den Stanislaw Karczerskik.
Abortua debekatuta zegoen dagoeneko Polonian, salbuespen batzuekin: bortxaketak, intzestuak eta amaren bizitza arriskuan jartzen duten kasuak. Parlamentuak irailaren 23an tramitera onartu zuen legearen arabera, aldiz, abortua debekatuta egongo litzateke kasu guztietan. Horrelakorik praktikatzen duten emakumeek bost urteko kartzela zigorra jasoko lukete, baita laguntzen dieten medikuek ere.