Prezemsyl eskualdeko epaitegiak erabaki du fiskaltzak eskatutakoa onartzea. Hau da, beste hiru hilabetez luzatzea Pablo González euskal kazetariaren behin-behineko espetxealdia, EFE berri agentziak informatu duenez. ARGIAk familiarekin baieztatu ahal izan duenez, baldintza beretan mantenduko dute, bisitarik edo senideei telefono deirik egiteko eskubiderik gabe. Dagoeneko 87 egun daramatza preso Polonian.
"Epaitegiak atxiloaldia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki du", adierazi dio Gonzálezen Poloniako abokatu Bartosz Rogasak EFEri.
Rogasak adierazi du Poloniako legearen arabera ez dagoela baimenduta auzitegiaren erabakiaren arrazoiketari buruz xehetasunik ematera. Helegitea aurkeztuko dute Rzeszówko apelazio auzitegian zazpi eguneko epean.
Errusian jaio eta Bizkaiko Nabarnizen bizi den 40 urteko kazetaria da Pablo González. Hamar urteko espetxe zigor arriskua du Polonian, kazetaritza egiteagatik. Erreportaje honetan bera nor den eta atxiloaldian zer gertatu zaion azaldu berri dugu.