argia.eus
INPRIMATU
Abortatzeko eskubidea murriztu dute Polonian
  • Polonia da abortatzeko eskubidea murriztaileena duen Europar Batasuneko herrialdeetako bat. Haurdunaldi-etenen % 97ri eragingo dion legea ezarri berri du Poloniako Auzitegi Konstituzionalak.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 23a
Abortatzeko eskubidearen aldeko protesta bat 2016an Varsovian. Argazkia: AFP

Polonian, legalki abortatu nahi duten emakume gehienek fetuaren malformazioa argudiatzen dituzte abortatu ahal izateko. Legeak abortatzeko eskubidea gauzatzeko uzten zuen bide bakarrenenetakoa zen hori. Ostegunean ordea, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak emakumeen eskubideak mugatzeko legea ezarri du. Fetuaren malformazioagatik haurdunaldia etetea konstituzioaren aurkakoa dela adieraziz. Iaz herrialdean legez egindako 1.110 abortuetatik % 97 inguru ziren horrelako kasuengatik egindakoak, datu ofizialen arabera.

Dozenaka emakumek elkartu dira ostegunean auzitegiaren aurrean. Erabakia 119 diputatu kontserbadorek osatutako talde batek sustatu du, gehienak PiSekoak. Epaia irakurtzean, Julia Przylebska epaimahaiko presidenteak arrazoia eman die eta legea ezarri dute. Poloniako Familia Plangintzaren Legea, Europako murriztaileenen artean zegoen jada. Orain arten abortua baimenduta zegoen ondorengo salbuesepenetan: fetuaren malformazioa, bortxaketa, intzestua edo amaren bizitza arriskuan egotea.

Europako Familia Plangintzaren Nazioarteko Federaziotik (IPPF) akatsaren larritasuna nabarmendu dute. Leah Hoctor, Ugalketa Eskubideen Zentroko Europarako eskualde zuzendaria da, eta, haren ustez, adierazpenak "urratu egiten ditu Poloniak, giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenen arabera, emakumeek sexu eta ugalketa osasunaren arretan dituzten eskubideak".

"Poloniako abortu legal guztien oinarria ezabatzea eta giza eskubideak urratzea da", adierazi du Dunja Mijatovic Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak twitter bidez. "Erabakiak abortu klandestinoak egitea edo atzerrira joan behar izatea esan nahi du. Egun tristea emakumeen eskubideentzat ", gaineratu du.