argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalez espioitzagatik ikertzen jarraituko du Poloniak
  • Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak adierazi du euskal kazetaria oraindik formalki akusatu ez badute ere, “legearen arabera auzi-ihesean akusatua” izan daitekeela. Gonzalez preso trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri zen, baina Poloniako zerbitzu bereziek kazetariak “bere ustezko errua” onartzeko presioa egiten jarraitu zuten, Russia Today-k informatu duenez.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 14a
Pablo Gonzalez euskal kazetaria 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Ukrainako mugatik gertu, eta abuztuaren 1ean utzi zuten libre. Argazkia: EFE

Pablo Gonzalez euskal kazetariaren aurkako espioitza ikerketak zabalik jarraitzen du, EFE albiste agentziak informatu duenez. Kazetaria bi urte eta erdi espetxean egon da Polonian egoera inhumanoan, eta espetxealdi prebentiboa zazpi aldiz luzatu zioten. Gonzalezek Russia Today (RT) telebistan espetxetik irten ostean emandako lehen elkarrizketan adierazi du informazio faltsua argitaratu dela, hala nola kondenatua izan dela, eta salatu du “torturatua, mehatxatua eta presionatua” izan dela espetxean. “Susmo bakarra egotzi zidaten, eta ez nuen epaiketarik izan”, adierazi du euskal kazetariak errusiar telebistan egindako elkarrizketan.

Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaile Przemyslaw Nowak-ek hedabideei esan die Gonzalezen aurkako epaiketa aurrera doala, eta oraindik formalki akusatu ez badute ere, adierazi du in absentia epaiketa –akusatua agertu gabe egiten diren epaiketak– izan daitekeela. “Gonzalezen aurkako ikerketa Poloniaren aurkako ekintzengatik ez da itxi”, adierazi du Nowak-ek. Bozeramaile poloniarrak esan du Gonzalez “legearen arabera auzi-ihesean akusatua izan” daitekeela. Poloniako Lublingo fiskaltzak –maiatzean azken aldiz Gonzalezen espetxeratze prebentiboa luzatu zuena– oraingoz ez du Gonzalezen aurkako akusaziorik formalizatu.

Washingtonek preso trukean sartu nahi zuen, baina Poloniak ez

Abuztuaren 1ean Ankarako aireportuan (Turkia), Errusiak eta Bielorrusiak, alde batetik, eta AEBek, Alemaniak, Esloveniak eta Erresuma Batuak, bestetik, guztira 26 preso trukatu zituzten, Gerra Hotzaz geroztik izandako preso trukerik handiena. Gonzalez preso truke horretan sartu zutela berri eman zutenean, Poloniako zerbitzu bereziek euskal kazetariari “bere ustezko errua” onartzeko presioa egiten jarraitu zutela informatu du RT-k, baina kazetaria presoen trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri zela.

Poloniako Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion Gonzalezi –bi pasaporte ditu, Errusian jaio zelako eta haurra zenean Euskal Herrira joan zelako–, eta orain Espainiako Gobernuak beste bat igorri beharko lioke etxera itzultzeko, baina EBn legezko prozesu bat irekita duenez, horrek atzeratu egin dezake jaulkipena, EITBk informatu duenez.

Bere buruaz beste egitea” iradoki zioten

Gonzalezek Poloniako espetxean bizi duen egoera salatu du RT-n egindako elkarrizketan. Espetxealdian hogei kilo galdu dituela esan du kazetariak, janari txarra zutela, eta ez zutela osasun arretarik. Kazetariak salatu du kartzelean psikologo batekin hitz egin zuela, eta horrek “bere buruaz beste egitea” iradoki ziola. Espetxean urte bat eta erdi igaro zituenean, hamalau eurodiputatuk gutun bat helarazi zioten Poloniako justizia ministro Zbigniew Zobrori, non euskal kazetariaren egoera salatu zuten: "Espetxean eman dituen 18 hilabeteotan inkomunikatuta egon da, egunean 23 ordu eman ditu eguzki-argirik gabeko ziega batean”.