argia.eus
INPRIMATU
Polonia eta Bulgariari gasa ez dio gehiago hornitzen Errusiak eta “xantaiatzat” dauka hori Europar Batasunak
  • Moskuk apirilaren 27an hartu du erabaki geopolitiko hori. Bi aldeen arteko tentsioak ez dira baretzen eta Putinek argi utzi du Errusiaren kontra eskua hartu nahi luketen estatuen aurka  "eraso oso azkarrak" bideratuko lituzkeela.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 28a

Gazprom Errusiako konpainia publikoak gas hornidura eten die Poloniari eta Bulgariari, errublotan ordaintzen ez dutelako arrazoia plazaratuz. Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek argi utzi du "xantaia" horren aurrean, "elkartasunez" jokatuko dutela Europar Batasuneko kideen artean.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak argiki erantzun dio: "Norbaitek esku hartzeko eta Errusiaren aurkako mehatxu estrategikoak sortzeko asmoa badu, onartezina izango da guretzat. Erantzun gisa bideratuko ditugun erasoak oso azkarrak izango direla jakin beharko luke". Zehaztapenak ere eman ditu: "Horretarako tresna guztiak dauzkagu, beste inork ez dauzkanak ere bai. Ez ditugu goraipatuko, behar izanez gero erabiliko ditugu. Eta nahi dut hori mundu guztiak jakitea".

Errusiako gas naturala errublotan –ez eurotan ez dolarretan– ordaintzeko baldintza martxoan ezarri zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, "adiskide ez diren herrialdeentzat". Errusiar gas eta petrolioa ezinbestekoa dauka Europar Batasunak eta nonbait, presio-bide hori erabiltzen dabil Errusia.

Europar Batasunak berak hastapenetik errefusatu zuen Errusiatik inportatzen dituen gasa eta petrolioa errublotan ordaintzea; besteak beste, zigor ekonomikoei izkin egiteko modu horrek indarrean dauden kontratuen baldintzak hausten dituelako. Gasa koordinatzeko taldea deitutako antolakundeak –klubeko 27 estatuetako buruzagiek, arautzaileek eta sektoreko konpainien zein kontsumitzaileen ordezkariek osatzen dute– dio arlo horretan Errusiarekin egindako kontratuen %97k adierazten dutela "esplizituki" ordainketak dolarretan edo eurotan egin behar direla. Errublotan ordaintzen duten konpainiak Kremlini ezarritako zigorrak "urratzen" ariko liratekeela dio Von der Leynek.

Transnistrian tentsioak

Moldavia eta Ukraina artean kokaturiko Transnistria aitortzarik gabeko estatuan tentsioak gora egin du azken aldian. 1992 urteaz geroztik herri independentea da, Vadim Krasnoselski buru duena –haatik, NBEak ez dio sekula aitortzarik bideratu, ez eta bestelako estatuek ere–. Moldaviatik bereizteko gerra zibila egon zen 1992an eta orduz geroztik su-etena dute, gatazkak konpondu gabe segitu arren.

Errusiak hango egoera "desegonkortu" nahi duela deitoratu du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, eta hori, bere ustez, errusiar tropak hara mugitzeko bidea zabaltzeko asmoz.

Otsailaren 24an sartu zen Errusiako armada Ukrainan eta orduz geroztik, bake akordioa ezin adostuz dabiltza bi aldeak.